Datorren urtean anbulatorio berria izango dugu laudioarrok Latiorro auzoan. Osakidetzaren proiektua den arren, Udalaren ardura da instalazio berriak ahal bezain irisgarri eta erabilgarri izatea herritar guztiontzat. “Kokapen berriaren ondorioz, aldaketak egongo dira eguneroko joan-etorrietan. Gainera, herrigunetik urrunago egongo denez, irisgarritasuna izan da gure kezka nagusietako bat”, adierazi du Ainize Gastaka alkate-udalburuak.
Horregatik guztiagatik, gobernu taldea BizkaiBus konpainiarekin harremanetan jarri da, anbulatorioaren aurrean autobus-geltoki berri bat ipini eta ibilbide batzuk egokitzeko, erabiltzaileak errazago iritsi daitezen bertara. Geltoki berria Goikogane kalean kokatuko da, anbulatorioaren ondoan. Horrez gain, norabide bakarreko errepide bihurtuko da Goikogane kalekoa.