Laudiok ekimen ezberdinak egingo ditu Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2025eko azaroaren 27a

Ekitaldiak ostiral honetan, hilak 28, hasiko dira eta abenduaren 6ra arte luzatuko dira, euskara ardatz izango duten hainbat jarduerekin.

Beste urte batez Laudioko Udalak, Hizkuntza Normalizaziorako Zerbitzu-unitatearen bitartez, eta udalerriko elkarte eta ikastetxeekin batera, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko egitarau zabala prestatu du, euskara herriko toki guztietara eramateko. “Euskararen aldeko konpromisoa urte osoan zehar eraikitzen da: eskolan eta etxean, kalean eta sarean, kultura ekimenetan eta eguneroko hautu txikietan. Euskaraz eginez irabazten dugu denok”, adierazi du Nagore Gomara Hizkuntza Politiketarako zinegotziak.

Ekitaldiak ostiral honetan, hilak 28, hasiko dira eta abenduaren 6ra arte luzatuko dira, euskara ardatz izango duten hainbat jarduerekin. Izan ere, ostiralean, Bai Euskarari Elkartearen eskutik hainbat enpresa bisitatuko dira, Lazarraga sariak aintzat hartuta, beste enpresentzat eredu bilakatzeko. Arratsaldez, Kasinoan bertso-saioa izango da Aitor Bizkarra, Ane Zuazubiskar, Xabat Galletebeitia eta Andoni Egañarekin. Oraingo honetan Iñaki Cabeza izango da gai-emailea.

Asteburuan zehar euskara protagonista jarraituko da izaten. Larunbatean “euskara jokoak” egingo dira Aldai plazan, bai eta Euskararen Makila banatuko zaie
Laudioko euskal idazleei. Horrez gain, txikienek tailerrak izango dituzte arratsaldez Gardeako Kulturgunean. Igandea osatuko da eskualde osorako euskara jaiarekin, aurten, Okondon; eta Santa Lucía abesbatzak giroa ziurtatuko du herriko kaleetatik prestatutako kantu-emanaldiarekin. Halaber, arratsaldeko 19:00etan Akelarre dokumentala proiektatuko da Kasinoan.

Abenduko lehen asteari dagokionez, Araban euskara sustatzeko planaren aurkezpen ekitaldia egingo da Aldundiko eta Udaleko ordezkarien parte-hartzearekin (abenduak 1), gazteei zuzendutako “Xare” jardunaldiak egingo dira(abenduak 2), eta Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala irakurriko da (abenduak 3), herriko ikastetxe, euskaltegi eta ordezkari politikoen parte-hartzearekin. Horrez gain, Aldama arrandegiari eta Jana ile-apaindegiari saria emango zaie euskararen sustapenean duten ibilbideagatik.

Azkenik, Durangoko Azokara joateko autobusa eskainiko da. Txartelak dagoeneko Udaletxean daude salgai, abenduaren 4ra arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide