Azoka Plazako bi postu berriak lehen sektorearentzat erreserbatuko ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2025eko abenduaren 2a

Bestalde, Azoka Plazan jada zeuden hiru lokalak berriro horra lekualdatuko dira urte hasieran.

Laudioko Azoka Plaza, herritarren artean Plaza del Mercado de Abastos izenez ezaguna dena, 1952. urtean inauguratu zen. Garai hartan, aldeetako dendak ez ezik, igandero baserritarrak ere etortzen ziren beren produktuak saltzera, eta herriko bilgune garrantzitsu bihurtu zen. Tradizio horri eusten jarraitzeko, Azoka Plazako bi postu berrietarako lizitazioak abiarazi ditu Laudioko Udalak. Lehen postuan, oinarrizko produktuen salmenta jarduera nagusi duten proposamenak lehenetsiko dira. Bigarrenean, berriz, lehen sektoreari emango zaio lehentasuna, hurbileko ekoizpenak eta 0 km-ko produktuak sustatu eta indartzeko helburuarekin.

Bestalde, Azoka Plazan jada zeuden hiru lokalak —Mari Paz urdaitegia, Ana Mari urdategia eta Toñi arraindegia— berriro horra lekualdatuko dira, 2026 urtearen hasieran. “Zubiko Kurajorekin izandako esperientzia ez errepikatzeko, prozesu osoa beraiekin adostu dugu. Azken helburua merkatariei eta bisitariei esperientzia hobea eskaintzea da”, zehaztu du Ludi Temiño zinegotziak.

Azoka Plazako terraza eta taberna

Bestalde, herritarren parte-hartze bidez jasotako proposamenekin, goiko aldeko terraza atseginagoa eta bereziagoa egiteko ideia berriak lantzen ari da Udala.

“Merkatuak herrian duen garrantzia eta presentzia ikusita, inguruko espazioek ere horrekin bat egin behar dutela uste dugu. Gainera, aldaketa hauekin, baserritarren merkatuari bultzada ematea espero da, haientzat espazio atsegin bat eskainiz”, gehitu du Temiñok.

Azkenik, Azoka Plazan joango den taberna berriro lizitatuko da, aurreko prozesuan esleipena hutsik geratu zelako. Arrazoia espazioa hornitzearen kostua izan zitekeenez, udal-taldeak espazioaren egokitzapena bere gain hartuko du.

“Ostalariak bertan jarri behar den materialaren inbertsioa egin zezala planteatzen zuen lizitazioak; eta hori amortizatu ahal izateko, kontratuaren luzapena handitu egin zen. Hala ere, lizitaziora ez da inor aurkeztu, inbertsioa altuegia delako. Hori dela eta, espazioaren egokitzapena gure gain hartuko dugu, eta herrian jada ostalaritza-zerbitzua ematen duten udal-espazioen formula antzekoa izango du”, azaldu du zinegotziak.

Edonola ere, tabernaren kudeaketaren arduradunak tokiko produktuak lehenetsi beharko ditu, espazioaren izaera errespetatuz. Azoka Plaza eraberritzeko proiektuak aurrera egin du NEXTgeneration dirulaguntzari esker.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide