Laudioko Udalak "euskararen mapa" bat egin eta postontzietan jarriko du datozen egunotan, Euskararen Nazioarteko Egunaren aitzakiaz. Bertan 116 saltoki komertzial, ostalaritza edo zerbitzu enpresetakoak erakusten dira, maila ezberdinetan euskara erabiltzeko aukera ematen dutenak. Beraz, kokapenaz gain, kolore-kode baten bidez adierazi da zein euskara-mailatan eskaintzen duten arreta.
Kolore laranjak % 100 euskaldunak direnak seinalatzen ditu, hau da, langile guztiak gauza direla euskaraz egiteko; urdinak % 50 euskaldunak diren tokiak erakusten ditu (langile batzuk euskaraz komunikatzen dira), eta, azkenik, zuriak, euskararekiko konpromisoa hartu dutenak dira, nahiz eta euskara hutsez oraindik komunikatzeko zailtasunak izan. Gainera, maparen atzealdean negozio horiek artatzen dituzten pertsonen argazkiak agertzen dira, eta horiekin euskaraz komunikatu ahal izango gara.
Euskara plan sektorialari atxikitako 116 establezimenduak dira guzti hauek, MOZEP (Mekataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu-enpresetako Euskara Plana) izenaz ezagutzen dena eta hamabost urte lehenago sortu zena.
“Mapa berri honen bitartez, udalerriko jatetxe, taberna, denda, elkarte eta enpresa txikietan euskaraz harremanak izan ditzaketen pertsonak identifikatu gura dira, herritarren artean euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko helburuz”, adierazi du Nagore Gomara Hizkuntza Politiketarako zinegotziak.