Azken bi asteetan, udal gobernu taldeak bi batzorde informatibo deitu ditu 2026ko udal aurrekontuak lantzeko. Aurrekontuak udal politikaren tresna nagusietako bat dira, eta bertan hartzen diren erabakiek eragin zuzena dute herritarren eguneroko bizitzan, bai zerbitzu publikoetan, bai inbertsioetan eta bai gizarte-politiketan.
Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da lehentasunak argi definitzea eta baliabide publikoak modu eraginkor eta bidezkoan erabiltzea, udalerri osoaren etorkizuna baldintzatzen baitute aurrekontuak.
“Minorian egon arren udal gobernu taldean, gure konpromisoa argia da: jarrera eraikitzailetik lan egitea, proposamen zehatz eta egingarriak eginez eta beste talde politikoekin elkarlana bilatuz. Uste dugu aurrekontuek adostasun zabalak behar dituztela, herritarren interes orokorrari erantzuteko eta udal kudeaketari egonkortasuna eta sinesgarritasuna emateko”, adierazi du Iñigo Martinezek, Ogasuneko zinegotziak.
Ildo horretan, aurrekontu hauek herriak behar dituen proiektu estrategiko handiak amaitzea bermatuko dute, hala nola antzokia edota Lamuza Kulturgunea. Azpiegitura horien kasuan, gainera, haien programazioa eta kudeaketa behar bezala aurreikustea eta planifikatzea funtsezkoa izango da. Era berean, udal gobernuak trantsizio ekosozialaren aldeko apustu sendoa egingo du 2026ko aurrekontuen bidez, eta adinekoen jantokia martxan jartzea aurreikusten da.
Helburu horiek guztiak modu eraginkorrean garatu ahal izateko, beharrezkoa da batzorde informatiboak benetako eztabaidarako eta ekarpenak egiteko gune eraginkorrak bihurtzea, informazio osoa, datu argiak eta eztabaidarako denbora nahikoa bermatuz. “Baldintza horiek betez gero, posible izango da aurrekontuen lanketa serioa egitea eta hobetzeko proposamenak modu arduratsuan aurkeztea”, azpimarratu du zinegotziak.