Aurten lehen aldiz, Laudioko Udalak ekimen honi batu zaio herriko azoka nagusien testuinguruan —Dolumin Barikua eta Baserritar Eguna—, Euskal Herri mailan protagonismoa emanez bere iragarkia txertatuta. Helburua argia da: lehen sektoreari bere espazioa ematea eta herriko balioak bultzatzea. Testuinguru horretan, abenduaren 24an eta 31n ospatuko diren baserritar eta artisauen Eguberri azokak baliatuta, Laudioko Udalak doan banatuko ditu Argia hedabideak urtero Bizi Baratzea egitasmoaren barruan kaleratzen dituen “Ilargiak eta landareak” agendak.
Lehen sektoreak duen garrantzia ikusarazteko bidean aurrera egiten jarraitzen du Laudioko Udalak. Horren erakusgarri, datorren astetik aurrera —eta bereziki abenduaren 24an eta 31n egingo diren baserritar eta artisauen Eguberri azokekin bat eginez—, udaletxeko sarreran doan eskuratu ahal izango dira “Ilargiak eta landareak” agendak.
Argia hedabideak argitaratzen ditu urtero, Bizi Baratzea egitasmoaren baitan, eta Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistaren zein Antton Olariaga ilustratzailearen lankidetzatik sortutako proiektua da.
“Zehaztasunez eta mimo handiz egindako lan honen bidez, lurra jendartearen arduren erdigunean kokatu nahi dugu; elikadura burujabetza, bizitza osasuntsua, ingurumenaren zaintza eta kontsumo arduratsua sustatuz”, adierazi du Ludi Temiño zinegotziak.
Agendak ilargiaren araberako urte osoko lanak jasotzen baditu ere, 2026ko edizioan fruitu-arbolen zaintzan jarriko du arreta berezia, Jakoba Errekondo urteetan pilatutako jakintza eta esperientzia partekatuz.
Horrez gain, datorren urtean bi egileek Laudio bisitatzea aurreikusten da, agendak biltzen duen ezagutza herritarren artean zabaltzeko helburuarekin. “Une honetan ez dago datarik zehaztuta, baina jakin bezain laster Udalaren ohiko komunikazio-kanalen bidez emango da horren berri”, zehaztu du zinegotziak.
Agendak udaletxeko sarreran eskuratu ahal izango dira abenduaren 22tik aurrera, izakinak agortu arte, baita Herri Eguberri barruan dauden azoketan ere.