Zalantzarik gabe, aurten Laudiok Eguberri inklusiboak, anitzak eta belaunaldi artekoak bizi izan ditu. Hiru astez herriko kaleak ilusioaren, magiaren eta, jakina, tokiko kulturaren topagune bihurtu dira, Laudion beti gailendu den elkartasun eta
komunitate izaera indartuz. “Aurtengo balorazioa oso positiboa da. Herritarrengan errotzea lortu dugu txikiak, gazteak eta adinekoak konkistatuz. Zentzu horretan, aipatzekoa da ere Eguberri hauetan belaunaldiarteko harremana nabarmendu dela beste ezeren gainetik. Hori guztia, jakina, posible izan da tokiko kultur eragileen lanari eta lankidetzari esker”, adierazi du Ludi Temiño zinegotziak.
Aurtengo berrikuntzen artean, Olentzero eta Mari Domingiren etxea izan da erakargarri nagusia, baina ez txikienentzat bakarrik, bi pertsonaia maitagarri horien magiak Laudioko gazteak eta adinekoak ere bereganatu baititu aurten.
“Ekimena herritarren oso gustukoa izan da, eta adin guztietako pertsonak liluratzea lortu du. Askok izan dira Mari Domingiren eta Olentzeroren konpainiaz gozatzera animatu direnak”, goraipatu du Sonia Respaldiza Kultura zinegotziak. Nahiz eta eguraldiak ohiko kalejiraren garapen normala eragotzi zuen, horrek ez zuen zapuztu laudioarrek beren pertsonaia maiteak Aldai plazan ikusteko zuten gogoa. “Ibilbidea bertan behera gelditu bazen ere, bi pertsonaiek orduak eman zituzten han zeuden txikiekin hitz egiten”, adierazi du Respaldizak.
Nolanahi ere, hau ez da programako jarduera azpimarragarri bakarra izan. Aurtengo proposamenak Gabonetako etxolak eta baserritarren azoka tradizionalak ere biltzen zituen, arrakasta handiko jarduerak bizilagunen artean. Are gehiago, esan liteke bi ekitaldiek lekua egin dutela laudioarren agendetan. “Azken bi urte hauetan merkatuak bultzatzen ahalegindu gara, familiei eta edonori zuzendutako Eguberriko jardueraz eta tailerrez betez”, azaldu du Temiñok. Ildo horretan, nabarmentzekoa da, halaber, merkatarien poza, “0 plastic” kanpainak nabarmen lagundu baitu haien jarduera komertzialean. “Plastikoa ordezkatzen zuten produktu guztien izakinak agortu genituen, eta, gainera, opariak biltzeko zerbitzua erraztu genuen zerbitzua etxola batetan ezarriz”, ziurtatu du.
PINak gazteak ere bereganatu ditu
Aurtengo PINak ere, txikien jarduerarik esperoena, gazteak ere bereganatu ditu. “Aurten kantxak adinaren eta jardueren arabera bereizi ditugu, eta bete-betean asmatu dugula uste dugu, benetan arrakastatsua izan baita”, azpimarratu du Kultura zinegotziak. Halaber, abenduaren 31ko photocall ibiltariak ere herritarrak eta bisitariak liluratu zituen. “Zalantzarik gabe, datorren urtean errepikatuko dugun jarduera izango da”, aurreratu du Respaldizak. Era berean, Errege Magoen kabalgata ere giro onean eta harrera beroarekin egin zen, haurren ilusioa piztuz.
Aitzitik, eta “Los Domingos” filmaren proiekzioa arrakasta handia izan zuen arren – edukiera osatu zen –, haurrentzako zinema ez du hainbesteko arrakasta izan. Hala ere, programatutako hiru saioetan publiko fidela gerturatu da. Halaber, neguaren berezko eguraldi txarrak ez die laudioarrei programatutako erromeriez gozatzea ahalbidetu. “Pena eguraldiak lagundu ez izanak”, deitoratu du Respaldizak.
Gabonetako argiak liluratu dute Laudio
Aurtengo Gabonetako argiek ere herritarrak liluratu dituzte. Ez alferrik, aurtengo apustua auzo bakoitzeko espazio enblematikoenak argiz eta ilusioz betetzea izan baita. “Oso gogokoak izan dira, kaleetan giroa sustatu dute, eta herritarrak harritu dituzte. Gure ustez, asmatu egin dugu proposamen berri honekin”, adierazi dute zinegotziak.