Joan den azaroan Laudioko Kultura Etxeko proiektuaren egungo egoera aurkeztu zen, espazioak etorkizunean izango dituen erabilen lehen pausuak emanez. Gauzak horrela, hil honetan, zehazki 15ean, 22an eta 29an, ekimen parte hartzaileak eta elkarlan giroan garatzeko lagungarriak diren baldintzak identifikatzeko hiru lan saio eskainiko dira. Oraingo honetan, tailerrak Ixiar Garciak, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kultura arduradunak, eskainiko ditu.
Lehenengo saioan, bizilagunek komunikatzeko dituzten ohitura eta moduen inguruan hausnartzeko aukera izango dute. Bigarren saioan, berriz, parte-hartze eta elkarlana errazten duten baldintzak identifikatuko dira eta baita baldintza horiek zaindu edo sortzeko moduak ere; eta, azken saioan, egoera desberdinei erantzuteko lan-dinamikak sortzeko gakoak partekatuko dira.
Saio guztiak Kultura Etxeko sarreran kokatuta dagoen Ideazio gelan, 18:00etan, izango dira.