Azken bi urteetan Arabako Foru Aldundiak papera eta kartoia biltzeko eskaintzen duen zerbitzuak izan duen funtzionamendu desegokia dela eta, Laudioko Udalak bat egingo du Arabako hainbat herritan, Aiaraldeko Kuadrillak eta eskualdeko alkateek sinatutako idazkiarekin. Idazki horren bidez, Arabako udalerri guztietan ematen den zerbitzuaren egoeraren inguruko kezka partekatua adierazi nahi da.
Izan ere, zerbitzuarekin lotutako arazoek bere horretan jarraitzen duten bitartean, udalak baliabide propioak erabiltzen ari dira bai edukiontziak garbitzeko, bai lurrean uzten diren kartoiak jasotzeko. Egoera horrek ez luke udalengain erori beharko, zerbitzua Arabako Foru Aldundiaren eskumena baita.
“Zerbitzua behar bezala ematen ari ez denez, eta gabezia hau denbora luzez luzatzen ari denez, edukiontzi-uharteak zikinkeria- eta segurtasun-gabezia-iturri bihurtzen ari dira gure herrietan. Horrek ezinegona eta haserrea sortzen ditu bizilagunen artean, eta haien kexak udal eta kuadrilletara bideratzen dituzte”, adierazi du Ainize Gastaka Laudioko alkateak.
Nahiz eta sarritan Arabako Foru Aldundiari informazioa eskatu zaion, gaur-gaurkoz ez dago datu argirik zerbitzuaren maiztasunari, egunei edo zonaldeei buruz.
Egoera horren aurrean, honako eskaerak luzatzen zaizkio Arabako Foru Aldundiari:
• Bere erantzukizuna bere gain har dezala, eta beharrezko neurriak har ditzala papera eta kartoia biltzeko zerbitzua Arabako udalerri guztietan behar bezala garatu dadin.
• Udalekin elkarrizketa arin eta iraunkorra izan dezala, zerbitzuaren egoerari eta garapenari buruzko informazio eguneratua emateko.
• Zerbitzua behar bezala kudeatzeko gaitasunik izan ezean, kudeaketaren deszentralizazio-prozesu bat bultza dezala, zerbitzua kuadrillen esku gera dadin.
Azkenik, Udalak dokumentu honekin bat egin nahi duten guztiei dei egiten die bihar, 11:30ean, Gasteizko Probintzia plazan egingo den agerraldi publikoan parte har dezaten.