Laudioko Udalak Auzo Batzarren ziklo berria itxi du, herritarren parte-hartze handiarekin eta balorazio oso positiboekin, eta berriro ere agerian geratu da udalerria entzunean, elkarrizketan eta erabaki partekatuetan oinarrituta eraikitzeko borondatea.
Azaroaren 17tik abenduaren 17ra bitartean egindako topaketetan 249 bizilagunek parte hartu dute —135 emakumek eta 114 gizonek—, eta guztira 113 ekarpen jaso dira. Datu horiek Laudiok parte-hartze aktiboa duen herria dela berresten dute, eta auzokideek zuzenean parte hartu nahi dutela euren egunerokoan eragina duten erabakietan. Gainera, aurtengo edizioan, metodologia berritzaileak jarri dira martxan, irailean auzo-kontseiluekin batera egindako ibilaldiak, besteak beste, auzoetako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Tresna horiei esker, lehentasun kolektiboak izan dira batzarren ardatz, beti ere eskaera isolatuak kontutan hartuz, eta komunitatearen ikuspegia erdigunean jarriz.
Herritarrek bereziki ondo baloratu dituzte gardentasuna, gonbidapenen argitasuna, sortutako konfiantza-giroa, ordutegien egokitasuna, eta batez ere, beren ekarpenak entzunak, jasoak eta kontuan hartuak izan direla sentitzeko aukera. Horrek erakusten du parte-hartzea ez dela kontsulta hutsa izan, baizik eta udal jardunaren funtsezko tresna.
“Auzo Batzarrek argi erakutsi dute herritarrek badutela zer esana eta zer proposatu. Hasieratik sortu den giro onak aukera eman digu auzokideen proposamenak modu ordenatuan aztertzeko, eta horrek udalaren erantzuna azkarragoa, eraginkorragoa eta bidezkoagoa izatea ahalbidetuko du”, adierazi du Ainize Gastaka alkateak.
Ekarpenek udal kudeaketako arlo nagusiak hartu dituzte, hala nola mugikortasuna eta irisgarritasuna, espazio publikoen mantentzea, ingurumenaren zaintza, zerbitzu eta ekipamendu publikoak, gizarte-zerbitzuak eta zainketak, bizikidetza, komunitatea indartzeko ekimenak eta etxebizitza.
“Mugikortasuna, bide-sarea eta irisgarritasuna lehentasun gisa agertu dira, baina oso esanguratsua da gizarte-azpiegituren, zainketen eta komunitatea indartzeko ekimenen presentzia. Horrek erakusten du auzokideek etorkizuneko Laudio kohesionatuago baten ikuspegia dutela”, gaineratu du Nagore Gomara zinegotziak.
Saioek 10etik 8,26ko batez besteko balorazioa jaso dute. “Balorazio honek argi uzten du bide onean goazela. Gure konpromisoa sendoa da: herritarrak udal politikaren erdigunean jartzea, parte-hartzea egiturazko tresna bihurtuz, eta entzundakoa ekintzetan islatzea”, amaitu du Ainize Gastakak.