Ostiral honetan, hilak 6, Imanol Epelde artista Laudion izango da bere azken antzezlana “Zerbait sartu zait begian” aurkezten. Oraingo honetan, Epeldek spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performance garaikidea eskainiko du Kasinoan.
“Laudioarrek aukera izango dute Euskal Herria mailan eskaintzen ari den antzezlana ikusi, entzun, eta sentitzeko. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu artistak, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez”, azaldu du Sonia Respaldiza zinegotziak.
Antzerkia datorren ostiralean izango da 18:30etan Laudioko Kasinoan. Sarrera librea izango da lekuak bete arte. Imanol Epelde artistaren antzerkia Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak ekimenaren parte da.