Laudioko Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko 13 dendatan, otsailaren 2tik 11ra, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Honela, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak, zeina otsailaren 11n ospatzen baita. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten.
Aurten ere, 12 zientzialari hauen inguruko ginkana publikoan parte hartzeko aukera egongo da. Saltokiz saltoki, emakume protagonisten inguruko galderei online erantzunez osa dezakete ginkana herritarrek. Ekimenean parte hartzen duten herrietako ikastetxeek, bestalde, paperean osatzeko bertsioa jasoko dute, ikasleekin erakusleihoak bisitatu eta emakume hauek gertuagotik ezagutzeko.
Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela sei urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren
eskaintzaren barruan. Iaz bezala, aurten ere, Laudio herriaz gain, beste zenbait partaide batu dira ekimenera. Orotara, Euskal Herri osoko 16 herri: Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpi, Mutiloa eta Urduliz, hain zuzen. Saltokiak, berriz, guztira 400 inguru.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatuz, eta, horretarako, emakume
zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei.
Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailaren 11 webgunean.
Herriko 13 saltoki parte-hartzaileak:
- Can Can
- ID Arkitektura
- Indriska
- Izpiliku
- Hona estetika zentroa
- Kotoi
- Lur naturdenda
- Memole
- Mokka
- Muñikan
- Nina Life Styling
- Roiz zapata-denda
- Trece13
12 EMAKUME ZIENTZIALARI OMENDUAK
Aurtengo edizioan, emakume zientzialari hauek omenduko dira:
- Jane Goodall (Londres, Erresuma Batua, 1934-2025). Primatologoa
- Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Informatika-ingeniaria
- Ola Arafat (Gaza, Palestina, 1977). Farmazialaria eta ekintzailea
- Marie Anne Gillan Boivin (Versailles, Frantzia, 1773-1841). Emagina eta
asmatzailea - Yásnaya Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Mexiko, 1981). Hizkuntzalaria
- Elisabeth Rasekoala (Lagos, Nigeria, 1960). Kimika-ingeniaria
- Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965). Fitopatologoa
- Ruby Payne-Scott (Graftib, Australia, 1912-1981). Fisikaria
- Hong Wang (Guillin, Txina, 1997). Matematikaria
- Lourdes Herrasti Erlogorri (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958). Historialaria eta
antropologoa - Rebecca Lee Crumpler (Christiana, AEB, 1831-1895). Medikua
- Olatz Ortega Vidales (Bilbo, Bizkaia, 1997). Ekotoxikologoa