Laudioko Udaleko Gazteria Arloak Aste Santuko aisialdi-programa jarri du abian, 2010 eta 2015 urteen artean jaiotako gazteentzat. Aukera ezin hobea jarduera ludikoez gozatzeko, esperientziak partekatzeko eta Aste Santuko oporretan egun desberdinak bizitzeko.
Udaberrilekuak martxoaren 31an eta apirilaren 7an, 8an, 9an eta 10ean izango dira 10:00etatik 13:00etara. Salbuespen bakarra martxoaren 31a izango da, taldeak irteera bat egingo baitu. Hori dela eta, egun horretan irteera 16:00ak arte luzatuko da. Izen-emateak 10 euroko kostua izango du, eta txangora joateko 5 euro gehiago ordaindu beharko dira. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 9tik 20ra bitartean eman beharko dute izena egoitza elektronikoaren bidez, HAZren bidez, edo legez gaitutako gainerako bitartekoen bidez, 06.15 Udaberrilekuak 2026 eskaera betez.
Guztira 40 leku eskainiko dira; beraz, izen-emate kopurua handiagoa bada, zozketa egingo da otsailaren 25ean, 12:00etan, udaletxeko erabilera anitzeko aretoan.
Aurrekoetan bezala, plazen % 5 behar bereziak dituzten gazteentzat gordeko dira, eta antzeko ehunekoa gordeko da gizarte-zerbitzuen arreta jasotzen duten eta zaurgarritasun-egoeran dauden gazteentzat.