Gaurtik eta datorren astelehenera arte, laudioarrek 2026eko Laudioko jaietan zein musika talde nahi dituzten aukeratu ahal izango dute, abuztuaren 16, 27 eta 28ko kontzertuetan zehazki. Ekimen honen bidez, Udalak jaiak modu herrikoiean eraikitzeko apustua berretsi nahi du, herritarren iritzia eta lehentasunak erdigunean jarriz, udal politika herrikoia eta irekia sustatzeko helburuarekin.
Gauzak horrela, jaien lehen iganderako, abuztuak 16, Reincidentes, Talco, Non Servium, Koma eta Rebrote taldeak egongo dira aukeratzeko. 27an, berriz, kuadrilen egunean, Süne, Mirua, Janus Lester, Xiberoots eta Bengo. Azkenik, baserritar egunerako, hurrengo aukerak dituzte herritarrek: Iseo & Dodosound, Nil Moliner, Isabel Aaiún, Canteca de Macao eta Marlon.
“Herritarrek prozesua gogoz hartzea espero dugu. Proposatutako musika taldeak Jai lan taldearen bilera irekietan aurretik lanketa bat egin da. Beste behin, gure gaitasunen barruan, laudioarrek nahi dutena ekarri nahi dugu herrira jaietan”, aurreratu du Jaietako zinegotziak Sonia Respaldizak. Ildo horretan, nabarmendu du herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela jaiak benetan guztionak izan daitezen, eta horrelako prozesuek udalaren eta herritarren arteko elkarlana sendotzen dutela.
Bozketa zabalik astelehenera arte
Bozketa prozesua online bidez izango da, Laudio Udalaren webgunearen bitartez (www.laudio.eus/kontzertuak-2025.php). Aurrez aurre bozkatzea nahiago dutenek, udaletxeko sarreran, 11:00etatik 14:00etara, Herri Laguntzaileak izeneko udal langileen laguntzarekin aukera izango dute, otsailaren 16ra arte.