Atzo, Minbiziaren Aurka Araban Elkartearekin (AECC) batera, Laudiok ekitaldi sinboliko bat egin zuen: minbiziaren ikurra den lotura bat sortu da, herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete ekimenean parte hartu duten zentro eta elkarte guztiei, lotura
kolektibo honen parte izateagatik.
Minbizia da gaur egun heriotza-kausa nagusia Euskadin. Urtero 15.000 kasu berri inguru diagnostikatzen dira, horietatik 2.200 Araban. Bizi-itxaropenaren hazkundeak eragina badu ere, bizimoduak eta ohiturek funtsezko zeregina dute. Izan ere, minbizi kasuen %50 arte prebenitu liteke ohitura osasungarrien bidez eta Osakidetzaren baheketa-programetan parte hartuta.
Gaurko ekitaldian, paziente baten senide batek azpimarratu du minbizia ez dela soilik ospitaleetan artatzen, baizik eta etxean ere bai: elkarrizketetan, isiltasunetan eta eguneroko laguntzan. Zaintza integrala egiteak pertsona erdigunean jartzea dakar, eta ez bakarrik gaixotasuna, ulertuta paziente bakoitzaren atzean laguntza, informazioa eta ulermena behar dituen familia bat dagoela.
Administrazioen aldetik, beharrezkotzat jotzen da ohitura osasungarriak sustatzen jarraitzea, baheketa-programak indartzea eta gaurkoa bezalako prebentzio- eta kontzientziazio-kanpainak ikusaraztea. Era berean, ezinbestekoa da minbizia duten pertsonei eta haien familiei babesa ematea, entzunez eta bidelagun izanez.
Konpromiso horren baitan, eta Minbiziaren Aurkako Elkarteak Araban egindako lanari esker, apirilaren 13an nutrizioari buruzko tailer bat hasiko da Laudion.
Tailerra herritar orokorrarentzat zein paziente onkologikoentzat zuzenduta egongo da, elikadura osasungarria sustatzeko helburuarekin. Gogorarazi, elkarteak doako
arreta psikologikoa eta soziala ematen duela astelehenero Ardantzar gizarte etxean. Zerbitzua hau jasotzeko beharrezkoa da aurretik hitzordua hartzea hurrengo telefonoan: 900 100 036.
Gaurkoa bezalako egunek arreta onkologiko hurbilago, enpatikoago eta gizatiarrago baten aldeko konpromisoa indartzen dute, eta gogorarazten digute gaur sortu den loturak urteko 365 egunetan presente egon behar duela.