Laudioko Udalak udalerriko segurtasuna eta polizia-zerbitzua indartzeko urrats garrantzitsua eman du, 2026. urterako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) onartuta. Erabakiaren helburu nagusia Udaltzaingoko lantaldea egonkortzea da, bitartekotasuna murriztuz eta lanpostu hutsak karrerako funtzionarioekin betez, herritarrei zerbitzu hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko.
“Udaltzaingo sendo eta egonkor bat izatea funtsezkoa da herritarren segurtasuna bermatzeko. Lan Eskaintza Publiko honekin lantaldea indartu eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko baldintzak sortu nahi ditugu” adierazi du Ainize Gastaka alkateak.
2026ko LEParen bidez, guztira 8 plaza deituko dira txanda irekiaren bidez, Udaltzaingoko hainbat kategoriatan:
• Ofizialordeen 2 plaza, Ikuskapen Eskalakoak (C1 taldea), derrigorrezko 3. hizkuntza-eskakizunarekin (C1 maila).
• Agente lehenaren 1 plaza, Oinarrizko Eskalakoa (C1 taldea), derrigorrezko 2. hizkuntza-eskakizunarekin (B2 maila).
• Agenteen 5 plaza, Oinarrizko Eskalakoak (C1 taldea), derrigorrezko 2. hizkuntza-eskakizunarekin.
Plaza kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuan zehar beste lanpostu huts batzuk sortzen badira. Halaber, deialdiek desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako kupoa izango dute, oinarri espezifikoetan zehaztutakoaren arabera.
Lan Eskaintza Publikoaz gain, Udalak Udaltzaingoko ofizialburuaren lanpostua betetzeko prozesua ere abiatu du. Kasu honetan, izendapen askeko deialdia izango da, Udaltzaingoko edo Euskal Autonomia Erkidegoko poliziako edozein kidegotako karrerako funtzionarioei zuzendua.
Hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, plaza bakoitzari dagokion euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko da, eta deialdien laburpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesdunek 15 laneguneko epea izango dute eskaerak aurkezteko. Izapideak Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan egin ahal izango dira. Informazio zehatza, oinarriak eta deialdien xehetasunak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Laudioko Udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira.