Laudiok Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatuko du martxoan zehar hainbat ekintzekin

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2026ko martxoaren 1a

Aurtengo programa martxoaren 6an hasiko da adierazpen instituzionalaren irakurketarekin, eta martxoaren 28ra arte luzatuko da.

Beste urte batez, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Laudiok ez dela egun sinboliko hutsa aldarrikatuko du beste behin ere tokiko eragileek, Udaleko Gobernantza Feministako zerbitzuarekin elkarlanean, prestatu duten egitarau zabalarekin; non kultura, hausnarketa, eta kirola uztartuko diren.

“Eskubideen aldarrikapenerako egun honetan, berriz eskatzen diegu herritarrei antolatutako ekimenetara batzera. Benetako berdintasunaren aldeko aldarrikapena ez da soilik emakumeena, gizarte osoaren konpromisoa da”, adierazi du Nagore Gomara Gobernantza Feministako zinegotziak.

Aurten programak hainbat ekintza bilduko ditu: emakume irakasleen lana omenduko duen ANONIMAK ikuskizuna (martxoak 7); Estibaliz Linaresek eskainiko duen ziber-indarkeria matxistaren inguruko hitzaldia euskaraz (martxoak 10); Emagin elkarteak moderatura, herri zaintzaile gisa, Usurbilen eta Hernanin egindako ibilbidea aztertuko duen mahai-ingurua (martxoak 12); eta emakumeek kirol esparruetan duten protagonismoa azpimarratzeko ere Emakumeentzako Palde-Txapelketa (martxoak 6 eta 7) eta emakumezkoen futbol partida (martxoak 28) egingo dira. Horrez gain, Emakumeen Nazioarteko Egunean ez da faltako Solastiar eta Etawasol elkarteek Herriko Plazan antolatutako elkarretaratzea (13:00).

Nolanahi ere, egitaraua martxoaren 6an, ostirala, hasiko da Herriko Plazan ohiko adierazpen instituzionalaren irakurketarekin, goizeko 12:00etan; eta arratsaldez jarraituko du Kasinoan empodeRaras antzezlanarekin (18:30).

“Laudion argi dugu berdintasunean oinarritutako herria ezin dela egun bakarrean eraiki; baina Martxoaren 8ak aukera ematen digu elkarri entzun eta berdintasunaren aldeko bidea berritzen jarraitzeko. Laudio feminista, zaintzaile eta parte-hartzaileago bat eraikitzea guztion lana da”, azpimarratu du zinegotziak.

Ekimenek martxoa hartuko dute

Horretaz guztiaz gain, laudioarrek martxoaren 22an VII. Berdintasunaren aldeko ibilaldi neurtura batzeko aukera izango dute, 10:00etatik aurrera. Ekintzak arratsaldean jarraituko dute Kasinoan “Gaua” filmarekin.

Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzen jarraituko du Laudiok martxoaren 24an Lezeaga Aretoan izango den online solasaldiarekin, non pornografiaren sexu- politika aztertzeko aukera egongo den, Mónica Alario Gavilanen eskutik.

Azkenik, aurten ere, herriko elkarteek iaz beren erara moldatutako Elektrizitatea abestiaren bideoklipa (Zea Mays taldearena) gogoratuko da. “Oso hunkigarria izan zen eta emaitza ikusgarria lortu zuten; oraindik ere emozioz gogoratzen dugu, eta oraingoan gure ekintzen egitarauan gogoan izango dugu”, biribildu du zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide