Larunbat honetan, hilak 7, Laudiok xake-egutegiko hitzordu berezi bat biziko du Euskadiko Txapelketaren finalarekin; Laudioko Xake Taldeak bere 40.urteurrena betetzen ari den urtean gainera. “Ekitaldia Euskadiko xakearen topagune nagusietako bat da eta zale zein kirolarien arteko giro aparta biltzen du urtero.
Laudiok berriro ere erakutsiko du goi mailako kirol-ekitaldiak hartzeko duen gaitasuna eta xakearen aldeko apustua”, adierazi du Kultura zinegotzia Sonia Respaldizak.
Finala Kasinoan izango da, 16:00etatik aurrera, eta guztira 20 taldek hartuko dute parte, bakoitzak 4 jokalariekin. Txapelketa bi kategorietan jokatuko da: Ohorezko Maila eta Lehen Maila. Ohorezko mailan, honako talde hauek izango dira lehian: Conteneo (Bilbo), Martintxo (Gasteiz), Gros (Donostia), Mikel Gurea (Burlada), Marlaxka (Hondarribia), Sestao, Orvina (Iruñea), Portugalete, Abadiño eta Calasanz (Gasteiz). Eta Lehen Mailan honako talde hauek hartuko dute parte: Alfil (Beasain), Santurtzi, Zumaiako (Zumaia), Laudio, Orvina B (Iruñea), Eguidazu (Gasteiz), Zuri Baltza (Bilbo), Gros B (Donostia), Zornotza eta Arrasate.