Laudioko Udalak Auzo Batzarretan jasotako eskaerak dagokion erakundeei helarazi dizkie

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2026ko martxoaren 6a

Dagoeneko, Udala harremanetan jarri da URA agentziarekin, ADIF eta Renferekin, eta Arabako Foru Aldundiarekin.

2025eko Auzo Batzarren zikloa amaitu ondoren, Laudioko Udalak herritarrek auzoz auzo egindako eskaerak bildu eta udal-eskumenak gainditzen dituzten gaiak dagokien administrazio eta erakundeei ofizialki helarazi dizkie. Udalaren arabera, Auzo Batzarrak “partaidetzarako egiturazko tresna” bihurtu dira, eta bertan jasotako kezkek erakundeen arteko lankidetza eta esku-hartze koordinatua eskatzen dute.

Uraren kudeaketari eta uholdeen prebentzioari dagokienez, URA - Uraren Euskal Agentzia-ri hainbat eskaera zehatz igorri zaizkio. Aretan, Nerbioi ibaiaren ibilgua garbitzea eta sasiak kentzea eskatu da, bereziki Gasteiz eta Errotazar zubien artean, sedimentu eta hondakin metaketek ur-emaria oztopatzen dutelako.

Gardean, Nerbioi ibaiaren hiri-tartean uholde-arriskua murrizteko esku-hartzea proposatu da, landaretza eta hondakinak kentzeko. Ugarteko Manzanal errekan,
sasiak eta sedimentuak garbitzea eskatu da, ibai-ertzen higadura eta drainatzearazoak konpontzeko. Era berean, Olarteko zubian pilatutako hondakinak kentzeko beharra helarazi da, euri-garaian uraren igarotzea bermatzeko. Udalak, gainera, URAren eta kaltetutako auzo-batzarren arteko informazio-bilera bat proposatu du, herritarrek aurreikusitako esku-hartzeen berri zuzenean jaso dezaten.

Tren-azpiegiturei dagokienez, ADIF eta Renfe-ri segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak eskatu zaizkie. Aretako geltokian argiztapena indartzea, egoera txarrean dauden eskailerak konpontzea, irisgarritasun-baldintzak bermatzea eta lurpeko pasabidean dauden hezetasun-arazo iraunkorrak konpontzea eskatu da.

Halaber, ADIFen aparkalekua auzotarrek erabiltzeko aukera aztertzea proposatu da. Gardeako Santa Cruz zubian esku-hartze integrala egitea premiazkotzat jo da, trenbideak modu seguru gabean gurutzatzeko arriskua murrizteko; horretarako,barandak jartzea, zoladura berritzea eta argiztapena hobetzea planteatu da.
Latiorroko geltokian, berriz, mantentze-lan orokorrak egitea eta egoera oso txarrean dagoen horma konpontzea eskatu da. Gainera, erakundeen arteko
koordinazio egonkorra eta intzidentzien jarraipen-sistema bat ezartzea proposatu du Udalak, herritarren segurtasunari eragiten dioten gaietan blokeo
administratiboak saihesteko.

Foru-eskumeneko gaiei dagokienez, Arabako Foru Aldundia-ri hainbat eskaera zehatz helarazi zaizkio. Arababus zerbitzuan, Goienurin estaldura zabaltzea eta
geltoki berri bat sortzea eskatu da, maiztasunak bereziki adinekoen beharretara egokituz. Mendi eta baso kudeaketan, sasi-garbiketa eta sute-prebentzio neurriak indartzea eta mozketa zein inausketa baimenen kudeaketa arintzea proposatu da.

Landa-bideei dagokienez, urteko laguntza-esparrua mantentzea eta Oleta/Zumeltzarako plan berezia betearaztea eskatu da, administrazioen eta jabe pribatuen arteko erantzukizunen banaketa argituz. Halaber, basurdeen populazioaren kontrola indartzea eta batiden epeak luzatzea planteatu da, eta foru-errepideetan, Goienuri kalean abiadura kontrolatzeko neurriak ezartzea eta bazterretako zuhaitzen inausketa hobetzea eskatu da.

Ainize Gastaka alkatearen hitzetan, “Auzo Batzarretan jasotakoa ez da iritzi multzo bat soilik; konpromiso instituzional bihurtzen dugu. Udalak bere eskumeneko neurriak hartzen ditu, baina herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzekoezinbestekoa da gainerako administrazioek ere dagokien ardura bere gain hartzea”. Alkateak azpimarratu duenez, “gure lana da auzotarren ahotsa dagokion tokira eramatea eta konponbideak lortzeko jarraipen zorrotza egitea”.

Laudioko Udalak adierazi du komunikazio-kanal egonkorrak irekitzea eta dagokion erakunde bakoitzeko teknikariekin bilerak egitea eskatuko duela, jasotako premiak modu koordinatuan aztertu eta konponbide eraginkorrak adosteko. Izan ere, Udalaren helburua argia da: udalerriko segurtasuna, mugikortasuna,
ingurumenaren zaintza eta lurralde-oreka bermatzea, herritarrek auzo-batzarretan adierazitako beharrak erdigunean jarriz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide