Martxoaren 27an, Dolumin Bariku egunean, iritsiko da 24. Korrika Laudiora. Aurten, gainera, goizaldean igaroko da, 3:21ean, milaka lagun elkartuz hizkuntza baten aldeko ospakizun kolektiboan. Aurten, euskararen aldeko egitasmoak, “Euskara gara. Euskara ez da muga bat” lelopean, martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasiko da eta martxoaren 29an Bilbon amaituko da.
“Normalizazioa ez da oraindik erabat lortu, eta askotan herrikoia izan beharrean instituzionala bihurtzeko joera dago. Hala ere, hizkuntza bizirik mantentzen duena erabilera da. Egunerokoan euskarari arnasa ematea dakigunon esku dago: kalean, lanean, lagunartean edo administrazioan. Euskarak ez du mugarik, eta guztion artean indartzen da”, adierazi du Ainize Gastaka alkateak.
Aurten Korrika Gasteiz kaletik sartuko da, Laudio zeharkatuko du, eta Aretatik irtengo da, Arakaldorako bidea hartuz. Edonola ere, martxoaren 26an, ostegunean, 15:15etatik 16:30etara, Korrika Txikia izango da herriko kaleetatik, eta 18:30ean Alberto Acero plazan umeentzako Diskorrika dantzaldia izango da. Eguraldi txarrik egonez gero, Kasinoan izango da.