Udalak Landaluze 27ren erabilera definitzeko parte-hartze prozesua abiatu du

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2026ko apirilaren 1a

Proposamenak egin nahi dituzten herritarrek aukera izango dute maiatzaren 28ra arte; herritarren partaidetzarako plataformaren bidez, partaidetza@laudio.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, edo ekainean zehar egingo diren parte-hartze saioetara bertaratuz.

Landaluze 27an kokatzen den udal eraikinak, 300 metro karraturekin eta solairu bakarrean banatuta, laster auzoko bizilagunen topagune bihurtuko da. Udalak, Herritarren Partaidetzarako Unitatearen bidez, parte-hartze prozesu bat jarri du abian, lokalaren etorkizuneko erabilera zehazteko eta ingurunearen beharrak identifikatzeko. “Herritarrak proiektuaren motorra izatea nahi dugu; horregatik, proiektuaren diseinuan aktiboki parte hartzea behar dugu, elkargune, gozamen eta bizikidetza gune bihurtzeko”, adierazi du Nagore Gomara arloko zinegotziak.

Proposamenak egin nahi dituzten herritarrek aukera izango dute maiatzaren 28ra arte, herritarren partaidetzarako plataformaren bidez, partaidetza@laudio.eus

helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, edo ekainean zehar egingo diren parte-hartze saioetara bertaratuz. “Oraingoan, herritarrek beste pertsona batzuek egindako ekarpenak eta proiektuaren bilakaera kontsultatu ahal izango dituzte web plataforman”, aurreratu du zinegotziak. Era berean, eta Landaluze auzoaren beharrak identifikatzeko, laudioarrek ere galdetegi bat izango dute eskura, plataforman bertan edo Udalaren beheko solairuan eskuragarri.

Talde eragilea

Prozesu hori guztia amaitu ondoren, Udaleko Partaidetza Unitateak prozesuaren emaitzak argitaratuko ditu eta dokumentu bat osatuko du, proiektua gauzatzeko gida eta oinarri izango dena. Zeregin horretan talde eragileak lan egin beharko du, eta Landaluzerekin lotura duten 14 pertsona gehienez osatuko dute. “Talde honen helburua besteok entzutea eta ekarpenak jasotzea da, baita bizilagunekin eta inguruko kolektiboekin elkarrizketa erraztea ere. Bildutako informazio guztia ordenatzen eta lantzen hasteko lehen urratsa da hau”, azaldu du Gomarak.

Izan ere, talde eragileak egindako lanetik abiatuta, ekainean Udalak parte-hartzeko saio berriak deituko ditu herritarrak espazioaren funtzionamenduan eta kudeaketa ereduan inplikatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide