Atzoko Osoko Bilkuran Laudioko Udalak hasierako onespena eman zion animaliak babestea eta edukitzea arautuko duen udal-ordenantza berriari. Araudi berri honen helburu nagusia Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Lege berrira egokitzea da, 2020ko aurreko ordenantza gaindituz.
Aldaketa nagusiak
Ordenantza berria egiteko premia egungo lege-aldaketetatik dator, batez ere animaliak sentikortasuna duten izaki bizidun gisa aitortzen direlako. “Aldaketa tekniko eta filosofiko ugari egin behar zirenez, Udalak testu berri bat idaztea erabaki du, indarrean dagoenaren egitura eta xedea nabarmen aldatzen baitira”, azaldu zuen Carmen Altuna zinegotziak.
Ordenantza berriaren berritasun garrantzitsuenen artean honako hauek daude:
• Katu koloniak: Atal espezifiko bat gehitu da katu koloniak kudeatzeko.
• Kaleko katuen kontrola: Kaleko katuak kontrolatu, erregistratu eta esterilizatzeko neurriak jasotzen dira.
• Txakur arriskutsuak: Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak esterilizatzeko betebeharra ezartzen da lagapena eman aurretik, edo 12 hilabete bete aurretik zikiratzeko konpromisoa.
• Isunak: Isunen zenbatekoetan funtsezko aldaketak egongo dira, lege-esparru berrira egokitzeko.
Ordenantza osatzeko orduan, herritarren ekarpenak kontuan hartu dira ere. 2025eko abuztuan eta irailean egindako kontsulta publikoan 9 ekarpen jaso ziren,
eta horietatik 3 testu berrian sartu dira. Gainera, OMNIA udal taldearen ekarpenak ere aztertu eta gehitu dira.
Gauzak horrela, orain testua jendaurrean jarriko da 30 egun balioduneko epean
ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala) eta udaletxeko iragarki-taulan. Epe horretan, interesdunek erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte. Erreklamaziorik jaso ezean, ordenantza behin betiko onartutzat emango da.