Udalak eredu energetiko jasangarriago baterantz urratsak ematen jarraitzen du Laudioko Eguzki Maparekin

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2026ko apirilaren 15a

Azterketa Tecnaliarekin elkarlanean egin da, eta eraikinez eraikin informazioa zehatza ematea du helburu, eta udalerrian energia berriztagarria sortzeko zer aukera dauden proposatzea ere, emisioak murrizteko ekarpenak jasoz.

Udal-estalkien eguzki-aprobetxamendurako ahalmena aztertzeko, Laudioko Udalak, Tecnaliarekin elkarlanean, eraikin publikoetan eguzki-energia fotovoltaikoa sortzeko ahalmenari buruzko azterketa bat egin du. “Laudioko Eguzki Mapa izeneko dokumentuak informazio zehatza eskaintzen du eraikinez eraikin, eta aukera ematen du udalerrian energia berriztagarria sortzeko zer aukera dauden ezagutzeko, baita emisioak murrizteko eta energia-eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko urratsak ere”, adierazi du Carmen Altuna zinegotziak.

Gauzak horrela, eta zifretara itzulita, azterlanak zehazten du etxebizitza sektoreak, 1.462 eraikin biltzen dituenak, urtean 22,59 GWh sor ditzakeela, 2023an erregistratutako kontsumo elektrikoa gaindituz (16,47 GWh/urte); industria sektoreak, 403 eraikinekin, tamaina handieneko estalkiak dituela, eta, beraz, sortzeko potentzial handiena duela, urtean 49,99 GWh lortuz - ekoizpen horrek urteko kontsumo handiaren zati bat baino ez luke estaliko (160,81 GWh/urte) eta hirugarren sektoreak eta beste batzuek 17,51 GWh/urte sor lezaketela, 2023an erreferentziazko kontsumoa baino handiagoa hori ere (14,46 GWh/urte).

“Oro har, udalerriko eguzki-energiaren guztizko sorkuntza-potentziala 90,09 GWh/urtekoa da; 2023ko guztizko kontsumoa, berriz, 191,27 GWh-koa da. Horrek esan nahi du ekoizpen fotovoltaikoak elektrizitate-eskaera osoaren % 47 inguru bete dezakeela, autosufizientzia lortuz etxebizitza-sektorean eta hirugarren sektorean”, azaldu du zinegotziak.

Bisore interaktiboa

Azterketa egiteaz gain, Udalak online bisore interaktibo bat ere jarri du herritarrei aukera emanez udalerriko edozein eraikinen eguzki-potentziala modu erraz eta azkarrean ezagutzeko. Bisorea dagoeneko eskuragarri dago udalaren webgunean.

Intuiziozko bilaketa-sistema baten bidez, edonork aurkitu ahal izango du bere etxebizitza edo eraikina, eta gai hauei buruzko berehalako informazioa lortu:

• Estalkiaren edo orubearen azalera osoa.
• Panel fotovoltaikoak instalatzeko erabilgarri dagoen azalera.
• Instalatu daitekeen potentzia eta sor daitekeen energia.
• Saihestu daitezkeen CO2-emisioak.
• Instalazioaren kostu zenbatetsia.
• Erabakiak hartzea eta inbertsioak lehenestea errazten duten adierazle gehigarriak.

Tresna berri honekin, Laudioko Udalak trantsizio energetikoarekiko konpromisoa indartzen du, proiektu berriztagarriak eta autokontsumoa bultzatzen lagunduko duen informazioa herritarren eskura jarriz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide