Laudioko Udalak partaidetza prozesu bat jarri du abian, Landaluze 27an dagoen udal lokalaren erabilera posibleei, funtzionamenduari eta etorkizuneko kudeaketari buruzko ideiak eta proposamenak jasotzeko. Testuinguru horretan, Udalak interesa duten pertsonei gonbita egin nahi die datorren asteazkenean, apirilak 22, 18:00etan egingo den bisita batera joateko, “proposamen bat aurkeztu aurretik ekipamenduaren barrualdea ezagutzeko eta gunearen aukerak baloratzeko aukera izan dezaten”, azpimarratu du Nagore Gomara zinegotziak.
Topaketan, gainera, orain arte egindako ekintzak eta hurrengo pausoak zeintzuk diren azalduko dira, zehatz-mehatz. Hori dela eta, gogorarazi nahi da ere ekarpenak jasotzeko fase publikoa maiatzaren 28ra arte irekita egongo dela.
Edonork egin dezake ekarpena ekipamendua etorkizunean erabiltzeko ideiekin, webgunearen bidez www.landaluze27.eus edo Udaletxeko eraikinaren beheko solairuan dauden formularioak betez.