Gaur hasi dira SanRoketzar zentroan adineko pertsonentzat zuzendutako jantoki berria egokitzeko obrak. Aurreikuspenen arabera, lanek lau hilabeteko iraupena izango dute.
Esku-hartze honen bidez, zentroko azpiegiturak nabarmen hobetuko dira: zoruak eta komunak berrituko dira, eta, aldi berean, janaria prestatzeko espazio egoki bat sortuko da, indarrean dauden osasun- eta segurtasun-arauak bete ahal izateko.
Aldaketa hauekin, SanRoketzarreko irisgarritasuna hobetuko da. Obrak egiteko, karga eta deskarga gunea baliatuko da, obretarako beharrezko kontenedorea bertan kokatuko baita.
“Jantoki berri honen sorrera funtsezkoa izango da adinekoen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko. Izan ere, elikadura egoki eta orekatu baterako sarbidea bermatzeaz gain, espazio honek sozializaziorako eta eguneroko harremanak sustatzeko aukera eskainiko du, bakardade egoerak prebenitzen lagunduz eta komunitate-sarea indartuz”, adierazi du Ludi Temiño zinegotziak.
Halaber, obrek irauten duten bitartean, udaleko arduradunek alternatiba egoki bat eskaini diete erabiltzaileei: Gazteleku berriaren espazioa erabilgarri izango dute.
Insonorizatutako gune berrian dantzaldiak eta gimnasia saioak egin ahal izango dituzte, eta beste aretoan haien egunerokotasuneko ekintzak, atseden hartu eta eguna lasai igarotzeko aukera izango dute. Lekualdaketa prozesu hau adinekoekin batera landu da aurrez egindako hainbat batzarretan, eta udalak bereziki trantsizioa ahalik eta erosoena izan dadin zaindu nahi izan du.
“Ilusio handiarekin abiatu dugu proiektu hau, herriko adinekoen beharrak entzun eta haiekin elkarlanean egindako lanketaren emaitza delako. Administrazioak herritarren ahotsa kontuan hartzea funtsezkoa dela uste dugu, eta bereziki adinekoena, askotan ikusezin bihurtzen diren kolektiboena” dio zinegotziak.
Aurreikuspenen arabera, jantoki zerbitzua udazkenean jarriko da martxan baina zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko xehetasunak aurrerago emango dira.