Udaberri honetan Arraño mendiak bere altxorrik ederrena erakutsiko du beste behin ere: berton loratzen diren 27 orkidea basati espezieak. Landare honen munduan murgiltzen jarraitu nahi dutenek, laudiokoloreak elkarteak Udalarekin elkarlanean hirugarren urtez jarraian diseinatutako jardueretan parte hartzeko aukera izango dute, maiatzaren 8tik aurrera.
Aurten landare hauen inguruan prestatutako zikloa “orkideen artean” La Familia Inventadak eskainitako bisita antzeztuarekin hasiko da, Arrañoko larreetan; eta 31n jarraituko du familiei zuzendutako ekimen batekin: “Gure orkideak” marrazki tailerra, Susana Corbella, sortzailea eta Anitza Arte eskolako zuzendariaren eskutik.
Horrez gain, hala nahi dutenek, aukera izango dute landare hauei buruz idazketa tailer bat egiteko, Txani Rodriguez idazle laudioarraren eskutik (ekainak 4); baita altxor ezkutu hauek identifikatzeko formakuntza txiki bat ere, Oier Frias biologoarekin (ekainak 6). Informazio gehiago eta izena eman nahi dutenek 651 703 137 Whatsapp zenbakira idatzi beharko dute.
Nolanahi ere, aurten Laudioko kaleak landare hauen lekuko izango dira ere, “Arrañoko orkidea basatiak” erakusketa herriko espazio ezberdinak hartuko dituelako maiatza eta ekainean zehar.
“Laudiokoloreak elkartea 2016an hasi zen balioa ematen herriak duen ondare natural horri, eta babestea eta zaintzea gure erantzukizuna ere bada”, adierazi du Ainize Gastaka alkateak.