Udal gobernu taldea Renfe eta ADIF-ekin bildu da herriko tren-estazioen egoeraz hitz egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2026ko maiatzaren 1a

Renfe eta ADIF-ekin egindako bileran, Aretako, erdiguneko eta Santa Cruzeko geltokietako hutsuneak eta hobekuntza aukerak aztertu dira.

Atzo, udal gobernu taldea Renfe eta ADIF-eko hainbat ordezkarirekin bildu zen, herriko tren-estazioetan antzemandako hutsune eta beharrak aztertzeko helburuarekin. Bilera hau auzo batzarren ondoren gauzatu da, bertan jasotako kezka eta zalantzei erantzuna emateko asmoz.

Hiru estazio nagusiak izan ziren hizpide. Aretako geltokiari dagokionez, argiteriaren egoera aztertu zen, azken aldian izandako arazoak eta luminaria faltak azpimarratuz. Era berean, mantentze-lanen inguruan ere hitz egin zen; arduradunek jakinarazi zutenez, kokapen geografikoa dela eta (mendi magalean egoteagatik), ura agertzea aurreikus daitekeela. Era berean, aparkalekuaren egoera ere aztergai izan zen bileran.

Erdiguneko geltokiari dagokionez, berriz, mantentze-lan orokorrak egitea eta hormaren egoeraz jardun zen, eta adierazi zenez, ez dago arazo estrukturalik.

Bestalde, lehen zeuden komunak eraberritze lanekin kendu zirela azaldu zen, eta gaur egun aldiriko geltokietan halako zerbitzurik ez dela instalatzen erantzun zuten ordezkariek. Hala ere, 2027rako aurreikusita dauden tren berriek komunak izango dituzte, eta horrek erabiltzaileen beharrei erantzuteko aukera emango du.

Santa Cruzeko geltokiaren kasuan, apeaderoan jarri zen arreta, bereziki nasa arteko gurutzaketaren segurtasunean. Azpimarratu zen egungo egoerak ez duela herritarren segurtasuna behar bezala bermatzen, eta horren aurrean alternatiba ezberdinak aztertu ziren. Testuinguru horretan, Gardeako Santa Cruz zubian esku-hartze integrala egitea premiazkotzat jo da, trenbideak modu seguru gabean gurutzatzeko arriskua murrizteko; horretarako, barandak jarri ziren arren, zoladura berritzea eta argiztapena hobetzea eskatu da. “Hauek guztiak berehalako esku hartzea eskatzen duten lehentasunezko kontuak dira. Ezbeharrak gertatu ondoren soilik jardutea onartezina da. Herritarren segurtasuna eta bizitza ezin dira berriro ere administrazio arteko atzerapenen edo utzikeriaren mende egon” adierazi du alkateak.

Udaleko alkateak, Ainize Gastakak, bilera baloratu du, azpimarratuz: “gure lehentasuna herritarren segurtasuna eta eguneroko zerbitzuen kalitatea bermatzea da. Gaurko bileran arazoak mahai gainean jarri eta konponbide posibleak lantzen hasi gara, eta bide horretan lanean jarraituko dugu”. Halaber, honakoa gaineratu du: “ADIF eta Renfe-ri segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak eskatu zaizkie. Udalak bere eskumeneko neurriak hartzen ditu, baina herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko ezinbestekoa da gainerako administrazioek ere dagokien ardura bere gain hartzea”. Bestetik, nabarmendu du auzoetako ekarpenak funtsezkoak izan direla: “Herritarren ahotsa kontuan hartzea ezinbestekoa da erabakiak hartzerakoan”.

Amaitzeko, udal gobernuak gau jaia tren zerbitzu berezia berriro martxan jartzeko eskaera helarazi zien Renfe eta ADIF-eko ordezkariei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide