Maiatzaren 11tik 17ra bitartean, Laudio lorez eta bizitasunez beteko da Merkataritzaren Astearen bigarren edizioarekin. Tokiko merkataritza indartzea eta herriko ekonomia suspertzea helburu nagusi dituen ekimen honen bidez, Udalak herritarrak Laudioko establezimenduetan kontsumitzera gonbidatzen ditu, hurbileko merkatuaren balioa azpimarratuz: kalitatezko zerbitzua, gertutasuna eta komunitatearen kohesioa sustatzen dituen erosketa eredua.
Ildo horretan, guztira 2.000 euroko erosketa-txartelak zozketatuko dira, maiatzaren 11tik 17ra bitartean kanpainara atxikitako saltokietan erosketak egiten dituztenen artean. Ekimenak, gainera, erosketa bakoitza tokiko sare ekonomikoan inbertsio zuzena dela azpimarratu nahi du, herriko enplegua eta bizitza soziala indartuz.
Aurtengo edizioan ere, kontsumoa saritzeko neurriak indartu dira: 10 euro gastatzen dutenek lore bat jasoko dute opari, eta 20 eurotik gorako erosketek Tote Bag bat eta lore bat. Horrela, herritarrek eguneroko erosketak bertako dendetan egitearen garrantziaz jabetzea sustatu nahi da, tokiko merkataritza gure herriaren motor ekonomiko eta soziala dela gogoraraziz. “Lehengo urtean bezala, aurten Maiatzaren 15tik aurrera Herriko estatua eta tokirik esanguratsuenak loreekin antonduko dituzte Laudioko eragile desberdinek. Herriko sareak lan ederra egin baitzuen” aipatu egin du Ainize Gastaka alkateak.
Guztira, 56 establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, tokiko sare komertzial sendo eta anitza erakutsiz. Era berean, dendek kalera aterako dituzte haien produktuak ostegun, ostiral eta larunbat. Sare horrek, Laudioko bizi-kalitatean eta herriaren nortasunean funtsezko rola betetzen du.
“Baserritarrek tailerrak eskainiko dituzte edizio berri honetan, herriko kaleak lorez apainduko dira, eta musika izango dugu, herrian jai giroa sortuz. Izan ere, igandean, hilak 17, Korrontziren emanaldian herriko elkarteek ere parte hartuko dute”, zehaztu du alkateak.
