Badira liburuetan agertzen ez diren baina entzunak izatea merezi duten istorioak. Ideia horretatik abiatuta, Laudioko Udalak belaunaldi ezberdinak elkartzeko ekimena jarri du abian, herriko pertsona nagusien oroitzapenak, bizipenak eta balioak partekatzeko helburuarekin.
Bizitza oso bateko esperientziak jasotzen dituen ekimen hau maiatzaren 13an aurkeztuko da Kasinoan, udalerriko adinekoei omenaldia egiteko antolatutako ekitaldiaren barruan. Bertan, adineko pertsonei testigantzekin egindako bideoa ikusiko da, eta ondoren gazteek zuzenean galderak egiteko aukera izango dute.
Topaketako protagonistak Juana Mari Menayo, Jose Mari Nuñez, Arantza Arrizabalaga, Sabino Garamendi eta Mari Ángeles Arbaizagoitia izango dira. Haien testigantzek Laudioko iragana, oraina eta etorkizuna uztartuko dituzte.
Ludi Temiño zinegotziaren hitzetan, “pertsona nagusien ahotsa erdigunean jartzea funtsezkoa da herriaren memoria bizirik mantentzeko eta belaunaldien arteko loturak sendotzeko. Haien esperientzia aitortzea ez da soilik omenaldi bat, komunitate gisa egindako ariketa partekatua baizik”.
Ekimenen honekin lanketa intergenerazionala ere sustatu nahi izan da. Horretarako, hiru ikastetxetako; Laudioko Ikastolak, Latiorro ikastetxeak eta Lamuza eskolak parte hartu dute. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek topaketetako protagonistei galderak egin ahalko dizkiete, haien bizitzetaz gehiago jakin ahal izateko. “Ekimen honek belaunaldiak aurrez aurre jarri ditu; izan ere, iragana ez da oroitzapen hutsa, jakinduriaren iturri baizik”, amaitu du zinegotziak.