Laudioko Udalak hemendik aurrera Lamuza Kulturgunearen erabilera beregain hartuko du, urte luzez itxita egon ondoren. Atzo egindako osoko bilkuran, gobernu
taldeak udalerriko aisialdi eta garapen soziokulturalerako gune nagusietako baten erabilera lagapena onartu zuen. Horrela, Arabako Foru Aldundiak Lamuza parkeko eraikinen erabilera eta gozamena Udalaren esku utziko ditu hasiera batean hogei urterako, eta epe hori luzatzeko aukera ere aurreikusten da, iraupen bereko ondoz ondoko aldietan.
“Herritarren eskakizun, behar eta nahietatik sortutako proiektu hau errealitate bihurtu da. Bertan euskaltegia, ludoteka, gaztegunea, tailerrak, ikasgelak eta etorkizunean sor daitezkeen bestelako proiektu soziokulturalak kokatuko ditugu”, adierazi du Ainize Gastaka alkateak.
Orain, Udala Kulturgunearen kudeaketaz arduratuko den honetan, espazioak berriro ere herritarren topagune eta bizigune izateko bidea hartuko du. Hori dela
eta, Euskaltegia ekainean bertan itzuliko da bere lekura, eta irailetik aurrera Ludoteka zein tailerrak ere berriz martxan egongo dira, Kulturgunea kulturaren, ikaskuntzaren eta elkargunearen bihotz bihurtuz.
“Herriarentzat hain berezia eta esanguratsua den une hau ospatzeko, urriaren 2ko asteburuan inaugurazio ekitaldi berezia egingo dugu, hainbat ekintzez osatuta: ilusioz, indarrez eta etorkizunari begira. Izan ere, Kulturgunearen ateak berriro irekitzea ez da soilik espazio baten berreskuratzea; herriaren bizitasuna, elkarlana eta kultura berriz ere erdigunean jartzea da” adierazi du Alkateak.
Bestetik, denbora honetan hausnarketa sakona egin da Lamuza espazioaren inguruan, bai Kultur Kontseiluan eta bereziki talde operatiboan. Hemendik, udal
gobernu taldeak eskerrak eman nahi dizkie kulturguneari buruzko tailerretan parte hartu duten herritar eta elkarte guztiei; izan ere, egindako ekarpen guztiek proiektua aberasten lagundu dute.
Azkenik, aurrerapauso hau ospatzen den heinean, atzera begiratzeko beharra ere badu udalak, birgaitzea ulertzeko 2013 urte amaiera gogoratu behar baita, “Baratzezainaren Etxea”n agertutako arrakalek eta kolapso arriskuak herritarren mobilizazioa piztu baitzuten: 4.200 sinadura bildu eta SOS PARKEA plataforma
sortu zen, Lamuza Parkea kultura-gune gisa berreskuratzeko. Plataformaren ekimenez, 2014an Kasinoko teilatua konpontzeko lehen urratsak eman ziren, eta horren ondorioz, 2015ean Lamuza Konplexuaren birgaitze integralerako foru-araua onartu zen. Horrela, azkenean eraikin multzoaren birgaitze-lanak egin ziren,
Arabako Foru Aldundiak Laudioko Udalarekin lankidetzan garatu dituenak.