Laudioko jaietako 2026ko kartel lehiaketa abian da

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2026ko ekainaren 16a

Lanak ekainaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dira udal webgunean eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez.

Aurtengo Sanrokeak iragarriko dituen kartel lehiaketa martxan da. Aurreko edizioetan bezala, 6 eta 13 urte bitarteko adingabeentzako lehiaketa bat egongo da, Laudioko haurrei zuzenduta, eta beste bat 14 urtetik gorakoentzat, non bertakoa izatea ez den baldintza. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu, betiere originalak eta argitaratu gabeak badira, teknika librekoak eta aurretik saririk jaso gabeak.

Lanak JPG formatuan aurkeztu beharko dira udal webgunean (www.laudio.eus) eskuragarri dagoen formularioaren bidez, eta ezin izango dute egilearen identitatea ezagutzeko aukerarik eman. Gainera, derrigorrezkoa izango da Laudioko armarri ofiziala eta ondorengo testua txertatzea: “SANROKEAK 2026 –LAUDIO JAIETAN. ABUZTUAK 15, 16, 17, 26, 27, 28, 29 eta 30”. Irudiek 820x1171 pixeleko neurria izan beharko dute, eta gehienez 2 MB-ko pisua. Umeek, nahi izanez gero, lanak DIN-A4 formatuan ere aurkeztu ahal izango dituzte.

Ekainaren 23ra arte, egun hori barne, egongo da lehiaketan parte hartzeko aukera. Sariei dagokienez, helduen kategoriako lan irabazlea 2026ko Sanroke jaien irudi ofiziala bihurtuko da eta 1.200 euroko saria eskuratuko du. Haurren kategorian, berriz, irabazleak 250 euroko balioa duen material didaktikoaren sorta eskuratuko du, herriko saltokietan erostekoa.

Kartel irabazlea bi fasetan aukeratuko da: lehenik, epaimahai teknikoak aurre-hautaketa egingo du, eta ondoren, hautatutako lanen artean epaimahaiaren eta herritarren bozketen bidez erabakiko da irabazlea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide