Lehen fasean HAPO berriaren oinarriak aurkeztu ondoren, Udalak auzoz auzoko bilerak antolatu zituen, herritarrek proposamena gertutik ezagutzeko eta beren
iritziak, kezkak eta ekarpenak partekatzeko aukera izan zezaten. Parte-hartze prozesu horretan jasotako ekarpen guztiak aztertu dira, eta horien balorazioa egin ondoren, bakoitzari dagokion erantzuna helaraziko zaio gaurtik hasi eta astelehenera bitartean.
Gainera, prozesuaren inguruko informazio guztia, dokumentazioa eta HAPOaren garapenari buruzko xehetasunak udalaren webgunean kontsulta daitezke.
Azken urteotan etxebizitzaren inguruan bizi den egoerak agerian utzi du udalerriek etorkizunari aurrea hartu behar diotela. Horregatik, HAPOak etxebizitza berriak planifikatzeko tresna izango da, belaunaldi berriek Laudioko bizi-proiektua bertan garatzeko aukerak izan ditzaten, aldi berean herriaren hazkundea modu ordenatuan eta jasangarrian bideratuz.
Ainize Gastaka alkateak nabarmendu duenez, "HAPO bat ez da gaurko beharrei bakarrik erantzuteko tresna; datozen hamarkadetako Laudio irudikatzeko eta
eraikitzeko aukera da. Horregatik, ezinbestekoa da epe luzeko ikuspegiarekin lan egitea, gaur hartzen ditugun erabakiek etorkizuneko belaunaldien bizi-kalitatean izango duten eragina kontuan hartuta".
Era berean, alkateak prozesu honetan herritarren parte-hartzea "funtsezkoa" izan dela gaineratu du. "Auzoz auzo jasotako ekarpenek plana aberastu dute, eta horregatik garrantzitsua iruditzen zitzaigun parte hartu duen pertsona bakoitzari bere ekarpenaren inguruko erantzuna ematea. HAPOak herri osoari eragingo dio, eta guztion ekarpenekin eraikitako tresna izatea da gure helburua".
Halaber, alkateak HAPOak udalerriaren etorkizunerako duen izaera estrategikoa nabarmendu du: "Hirigintza-plangintza ez da legegintzaldi bati lotutako proiektua; belaunaldi oso bati begira egiten den herri-proiektua da. Horrelako tresnek egonkortasuna, segurtasuna eta aukera berriak sortzen dituzte, eta zenbat eta adostasun handiagoarekin garatu, orduan eta sendoagoak izango dira herriaren etorkizunerako".
Irizpide eta Helburuen Dokumentua orain osoko bilkuratik igaro behar da, HAPOaren idazketak bere hurrengo faseei ekin ahal izateko, herritarren ekarpenak eta udalerriaren etorkizunerako definitutako irizpide estrategikoak oinarri hartuta.
Helburua argia da: datozen urteetako erronkei erantzuteko prestatuta egongo den Laudio planifikatzea, bizi-kalitatea, etxebizitzarako aukerak, jasangarritasuna eta garapen orekatua uztartuko dituen udalerria eraikiz.