Horrenbestez, aipatutako instalazioetan ur-hornidura eta ura erabiltzea eskatzen duten elementu guztiak aldi baterako itxiko dira. Gainerako instalazioak normaltasunez erabiltzen jarraitu ahal izango dira, betiere eraginpeko ur-puntuak erabili gabe.
Neurri honek ur-hornidurari eta haren bidez funtzionatzen duten elementuei soilik eragiten die. Aldi berean, beharrezko tratamendu tekniko guztiak egingo dira legionellaren presentzia ezabatzeko eta osasun-agintariek ezarritako segurtasun-baldintza guztiak berrezartzeko.
Azpimarratu nahi dugu neurri hau erabat prebentiboa dela, eta ez dela legionellarekin lotutako kasurik atzeman. Helburua instalazioak ahalik eta lasterren normaltasunera itzultzea da, herritar guztientzat berme sanitario osoz eta inolako arriskurik gabe.
Era berean, udal-igerilekuak ez daude neurri horien eraginpean. Igerilekuetako uraren kalitatea etengabe kontrolatzen da indarrean dagoen araudiaren arabera, eta instalazio horiek guztiz seguruak dira. Horregatik, normaltasunez erabil daitezke, inolako murrizketarik gabe.
Laudioko Udalak egoeraren bilakaeraren berri ematen jarraituko du, eta tratamenduak amaitu eta kontrol-analitikek emaitza egokiak baieztatzen dituztenean, eraginpeko ur-puntu guztiak berriro martxan jarriko direla jakinaraziko du.
"Herritarrei lasaitasun-mezu argi bat helarazi nahi diet. Udalak berehala jardun du, osasun-agintariek ezarritako protokolo guztiak zorrotz aplikatuz eta prebentzioa lehenetsiz. Hartutako neurriak zuhurtziaz eta herritarren segurtasuna bermatzeko hartu dira. Era berean, argi utzi nahi dut udal-igerilekuak ez daudela egoera honen eraginpean eta guztiz seguruak direla. Eskerrak eman nahi dizkiet herritar guztiei erakutsitako ulermenagatik, pazientziagatik eta lankidetzagatik." Azaldu du Ainize Gastaka alkateak.