Bileran, besteak beste, Laudio eta Saharako herriaren arteko senidetze eta elkartasun loturak, Oporrak Bakean programa, Sahararekiko Euskal Karabana, udalerrian bizi den diaspora sahararraren egoera eta etorkizuneko lankidetza-ildo posibleak izan dituzte hizpide.
Topaketan zehar, bi aldeek azpimarratu dute azken urteotan Laudiok Saharako herriarekin mantendu duen elkartasun-konpromisoaren garrantzia, eta elkarlan horretan sakontzeko borondatea erakutsi dute. Halaber, errefuxiatu sahararren egoeraren inguruko kezka partekatu dute, eta nazioarteko elkartasunaren balioa nabarmendu dute.
Ainize Gastaka alkatearen hitzetan, “Laudiok urte luzez erakutsi du Saharako herriarekiko duen konpromisoa. Gure herria elkartasunaren eta justizia sozialaren balioetan oinarritzen da, eta horregatik, gure borondatea da harreman horiek indartzen jarraitzea eta saharar herriaren eskubideen defentsan laguntzea”.
Era berean, alkateak azpimarratu du Oporrak Bakean programak eta bestelako elkartasun-ekimenek lotura berezia sortu dutela urte hauetan Laudioko familien eta Saharako herriaren artean. “Programa hauek laguntza humanitarioa eskaintzeaz gain, elkarren arteko ezagutza, errespetua eta elkartasuna sustatzen dituzte”, adierazi du.
Bileran, etorkizunera begira garatu daitezkeen lankidetza-aukerak ere jorratu dira, bereziki gizarte-, hezkuntza- eta sentsibilizazio-arloetan. Bi aldeek adierazi dute elkarlanean jarraitzeko borondatea dutela, herrien arteko loturak sendotzeko eta saharar herriaren errealitatea herritarren artean zabaltzen laguntzeko.
Harrera instituzional honekin, Laudioko Udalak berriro ere berretsi du Saharako herriarekiko elkartasunaren, giza eskubideen defentsaren eta nazioarteko lankidetzaren aldeko konpromisoa.