Laudiok autoenplegua eta enpresa berriak sortzea sustatzeko dirulaguntzen deialdia zabaldu du

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2026ko uztailaren 24a

Laudioko Udalak autoenplegua sustatzeko eta enpresa berriak sortzea bultzatzeko dirulaguntzen deialdia ireki du. Laguntza hauen helburua da ekimen ekintzaileak babestea eta tokiko jarduera ekonomikoa indartzea, enpresak sortzeko, martxan jartzeko eta lehen urteetan sendotzeko laguntza ekonomikoa eskainiz.

Dirulaguntzak enpresa bat sortu, abian jarri eta jardunean mantentzeko izango dira, haren forma juridikoa edozein dela ere, betiere deialdian ezarritako baldintzak betetzen badira.

Eskaerak 2026ko uztailaren 21etik irailaren 1era aurkeztu ahal izango dira, Laudioko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Nork eska dezake?

Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte enpresek, banakako enpresaburuek eta enpresariek, baldin eta honako baldintzak betetzen badituzte:

• Egoitza soziala eta/edo fiskala Laudion izatea.
• Gehienez 10 langile dituen mikroenpresa izatea.
• Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta emanda egotea 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean, bi egunak barne.

Halaber, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean JEZn alta eman zuten enpresek eta banakako enpresariek ere laguntza eskatu ahal izango dute, baldin eta Laudioko Udalak 2025ean deitutako autoenplegua sustatzeko dirulaguntzen onuradun izan baziren eta deialdi hartan 12 hilabeteko laguntza osoa jaso ez bazuten. Kasu horretan, aurreko deialdian jasotako laguntza-epea kontuan hartuta, gehienez 12 hilabeteko laguntza osatu arte jaso ahal izango dute
dirulaguntza.

Zein gastu sar daitezke dirulaguntzan?

• Lokalaren alokairua (fidantza ez), eta martxan jartzeko egin behar izan dituzuen egokitzapen-lanak (altzariak, makineria eta ordenagailuak ez dira sartzen).
• Eguneroko gastuak: argindarra, ura, gasa, telefonoa, aseguruak...
• Lehen urtean gestoria edo aholkularitza zerbitzuengatik ordaindutakoa.
• Enpresa sortzeko gastuak: notariotza, erregistroa, lizentziak, tasak eta antzekoak.
• Autonomoen kuota (beste hobaririk ez baduzue).
• Langile bat kontratatuz gero, lehen urteko soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak.
• Negozioa ezagutarazteko publizitate eta sustapen gastuak.

Garrantzitsua: gastu guztiak fakturekin eta banku bidez ordaindu direla egiaztatzen duen agiriarekin justifikatu behar dira.

Eta garrantzitsuena: zenbat jaso dezakezu dirulaguntza honekin?

• Oro har, 2.000 eurora arte.
• 3.000 eurora arte, proiektua bideragarria dela egiaztatzen duen eta Laudio Hazik egindako enpresa-plana aurkezten bada.

Deialdi honen bidez, Laudioko Udalak berriro ere tokiko ekintzailetzaren aldeko apustua egiten du, enpresa txikiak eta autoenplegua sustatuz, herriko garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera indartzeko helburuarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide