Zumalakarregi etorbideko zirkulazioa eta aparkalekua aldi baterako aldatzea

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2026ko abuztuaren 19a

Herriko jaiak direla eta, eta jai-elementuak jartzeko hainbat aparkaleku aldi baterako okupatuko direnez, Zumalakarregi etorbidean behin-behineko antolaketa berezia ezarriko da, herritarren mugikortasuna eta aparkatzeko aukerak ahalik eta hobekien bermatzeko.

Aldaketa abuztuaren 20an egingo da, 06:00etatik lanak amaitu arte, Baias eta Landaluze kaleen eta Eroskiko biribilgunearen arteko tartean. Epe horretan, errepidearen ohiko bi noranzkoen ordez, noranzko bakarreko zirkulazioa ezarriko da, Baias eta Landaluze kaleen arteko bidegurutzetik Eroskiko biribilgunerantz.

Antolaketa berri horrek, gainera, aparkaleku-plaza gehiago sortzeko aukera emango du. Gaur egun linean dauden aparkaleku-plazak zeharka antolatuko dira, eta horri esker, jaietan galdutako aparkaleku-plazen zati bat konpentsatu eta aparkatzeko aukera gehiago eskaini ahal izango dira Zumalakarregi etorbide honetan bertan.

Konfigurazio berriak zirkulaziorako erdiko errei bat izango du, eta Amurrioko noranzkoan, tartearen bi muturretan, ibilgailuentzako sarrera eta irteera izango ditu.

Autobusen ibilbide eta geltokietan aldaketak

Herriko jaiak direla eta, ÁlavaBus eta Bizkaibus zerbitzuetako autobusen ibilbideek ere aldaketak izango dituzte abuztuaren 20tik 31ra bitartean, biak barne.

Ibilbide berria anbulatoriotik egingo da, Virgen del Carmen kaletik, Nerbioi kaletik eta Goikoplazatik, ohiko itzulera-ibilbidearen kontrako noranzkoan.

Horrez gain, Zumalakarregi etorbideko hainbat autobus-geltoki aldi baterako lekualdatuko dira:

  • Zumalakarregi 34 (Institutua): Nerbioi kaleko 14. zenbakira, Araba kalearekiko bidegurutzearen parean.
  • Zumalakarregi 53 (Eskuza harategia-Odeibar): Nerbioi kaleko 36. zenbakira, Correosen ondoan.
  • Zumalakarregi 81: ÁlavaBusen kasuan, geltokia Eroskiko biribilgunera, Gurutze Gorriaren postuaren ondora, lekualdatuko da. Bizkaibuseko zerbitzuaren kasuan, berriz, Goikoplaza 22ra, zubia igaro ondoren.

Behin-behineko konfigurazio hori herriko jaietan zehar mantenduko da. Abuztuaren 31n, 06:00etatik lanak amaitu arte, behin-behineko antolaketa desmuntatuko da, eta ohiko bi noranzkoetako zirkulazioa eta aparkalekuen kokapena berrezarriko dira.

Lanak eta aldaketak egiten diren bitartean ezarritako seinaleztapena eta jarraibideak errespetatzeko eskatzen zaie herritarrei.

Aldaketa hauek jaietako egunetan mugikortasuna eta aparkatzeko aukerak hobetzeko helburuarekin hartutako behin-behineko neurriak dira.

Barkatu eragozpenak eta eskerrik asko zuen laguntzagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide