Laudioko Udalak alkoholaren kontsumoari buruzko sentsibilizazio kanpaina berri bat jarri du abian. Kanpainaren helburua ez da kontsumoa epaitzea edo debekatzea, herritarrei beren ohiturak aztertzeko eta kontsumoarekin lotutako erabakiak modu kontzientean hartzeko aukera eskaintzea baizik.
Horretarako, kanpainak galdera zuzen bat planteatzen du: "Eta zuk, zergatik edaten duzu?"
Mezu horren bidez, Udalak hausnarketa sustatu nahi du alkoholaren kontsumoan eragina izan dezaketen faktoreen inguruan, hala nola inertzia sozialak, talde- presioa edo gizarte-ohiturak.
Izan ere, kanpainak jasotzen dituen datuen arabera, alkohola oso presente dago gure gizartean. Inkestatutako pertsonen %92,9k adierazi dute noizbait alkohola kontsumitu dutela; %76k azken urtean egin dute, eta %63,5ek azken hilabetean. Azken hilabeteko kontsumoari erreparatuz, gizonen artean 10etik 7k alkohola kontsumitu dute, eta emakumeen artean 10etik 6k.Kanpainak, gainera, kontsumitzeko arrazoien inguruko hainbat datu ere eskaintzen ditu. Pertsona askok alkohola kontsumitzen dutela adierazten dute dibertigarria delako (%52,8) edo alkoholaren eraginpean sentitzen diren modua
gustuko dutelako (%35,1).
Horregatik, kanpainak eguneroko egoera arruntak mahai gainean jartzen ditu: azken kontsumizioa benetan nahi zutelako hartu ote zuten edo gizarte-konpromisoagatik egin ote zuten?
Ekimenaren mezu nagusia argia da: "Zuk aukeratu, ez inertziak".
Laudioko Udalaren ustez, prebentzioa ez da informazioa eskaintzera mugatzen. Halaber, garrantzitsua da herritarrek beren erabakiak modu aske eta informatuan hartzea, eta kontsumoarekin lotutako presio sozialak identifikatzeko tresnak izatea. Kanpainari buruzko informazio gehiago nahi duten herritarrek Udaleko Adikzioen Zerbitzuarekin harremanetan jar daitezke 94 403 48 40 telefono zenbakian edo adikzioak@laudio.eus helbidean.