Sanrokeak 2026 jaien lehen balorazioa oso positiboa da. Azken egunotan, Laudioko kale eta plazak adin, zaletasun eta interes ezberdinetako herritarrez bete dira, eta jaietako egitarauak, beste behin ere, herritarren arteko topaketa eta parte-hartzea sustatzeko duen gaitasuna erakutsi du. Jai herrikoiak, anitzak eta erasorik gabekoak sustatzea izan da Udalaren helburuetako bat, eta aurtengo edizioak bide horretan sakontzeko aukera eman du.
Aurtengo Sanrokeetan, gainera, arreta berezia jarri da jaietako espazioak zabaltzean. Parkeak eta Azoka plaza egitarauaren parte garrantzitsu bihurtu dira, eta antzerkiek zein gaueko zinemak ere ohiko guneetatik harago eramateko aukera izan dute. Jarduerak herriko beste txoko batzuetara eramateak erabilera berriak eman dizkie espazio horiei eta, aldi berean, herritarren topaketarako beste gune batzuk sortu ditu.
Egitarauaren zabaltasuna ere azpimarratzekoa izan da. Guztira, 139 ekintza inguru antolatu ditu Udalak, kirola, aisialdia, kultura eta musika uztartuz.
Clowna, inprobisazioa eta testurik gabeko antzerkia bezalako proposamenek rocka, punka, soula, boleroak, tangoa, popa, swing-a edo Ugandako gospela bezalako musika-estiloekin bat egin dute. Horrek egitarauari askotariko izaera eman dio, eta adin eta gustu ezberdinetako herritarrengana iristeko aukera zabaldu du.
Jaietako giroak, halaber, kalea bera ere topaketarako eszenatoki bihurtu du. Aurten, Aziak eta Kilkerrak sortzaileei omenaldia egin diegu, haien ibilbidea balioan jarriz. Aziak Baserritarraren Eguna sortu zuen, eta Kilkerrak egun horren ardura hartzen jarraitu zuen. Horrelako uneek agerian uzten dute jaietako jarduerek udalerriko kaleetan sortzen duten bizitasuna eta komunitate izaera.
Belaunaldi ezberdinen arteko harremana ere presente egon da aurtengo programan. Haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak elkarrekin gozatzeko aukera izan dute, eta hainbat jarduerak adin desberdinetako herritarren arteko harremanak sustatu dituzte. Lehen asteburuko haur parkeak harrera ona izan du, eta dantzaldiek beren espazioa izateak ere publiko ezberdinengana iristeko aukera eman du. Bereziki esanguratsua izan da Atzoko eta gaurko gazteen eguna, adinekoei omenaldia eta bazkaria eskainiz eta, aldi berean, belaunaldi gazteenentzako jarduerak antolatuz.
Ainize Gastaka Laudioko alkateak nabarmendu du Sanrokeak “Laudio guztiaren jaiak” izatea dela Udalaren helburua. Bere esanetan, aurtengo edizioak erakutsi du “belaunaldi ezberdinak kalean elkarrekin gozatzen, espazio berriak erabiltzen eta proposamen desberdinetan parte hartzen” jarrai dezaketela. Ildo horretan, Udalak “herria elkartzen duen, aniztasuna ospatzen duen eta inor kanpoan uzten ez duen” jai-ereduaren alde egiten jarraituko du.
Balorazio positiboarekin batera, herritarrek helarazitako ekarpenak ere kontuan hartuko dira. Garbiketaren eta zarataren inguruan jasotako oharrak aztertu egingo dira, hurrengo edizioetan hobekuntzak txertatu ahal izateko. Jaietako bizitasuna eta kaleaz gozatzeko eskubidea auzokideen atsedenarekin eta ongizatearekin uztartzea izango da etorkizuneko erronketako bat, eta jasotako iritziek horretarako neurriak fintzen lagunduko dute.
Prebentzioaren eta indarkeria matxista zein LGTBIQ+fobiaren aurkako lanaren esparruan, Beldur Barik guneak ere harrera oso ona izan du. 750 pertsona inguru pasa dira bertatik, eta 450 inguruk parte hartu dute aktiboki, Udalaren zerbitzuak ezagutuz, sexu-hezkuntzako galdetegiak eginez edo esperientziak partekatuz. Zerbitzua bereziki baloratu dute emakumeek eta LGTBIQ+ pertsonek. Ez da jarrera bortitzik jaso, nahiz eta LGTBIQ+fobiazko intentsitate baxuko eraso baten berri izan den, dagokion moduan kudeatua.
Jaietako hasiera ere herriko eragileen protagonismoarekin iritsi da. Laudio BC eskubaloi taldeak hartu du pregoia egiteko ardura, eta Atxilubioiak kuadrillak eman dio lehen txupinazoari hasiera. Bi taldeek ilusioa eta emozioa ekarri dituzte jaietako lehen uneetara, eta haien parte-hartzeak herriko elkarte, talde eta kuadrillek Sanrokeen eraikuntzan duten garrantzia azpimarratu du.
Izan ere, Sanrokeak ez dira Udalaren jardunaren emaitza hutsa. Hogeita hamar elkarte eta erakunde laguntzaile baino gehiagok parte hartu dute
egitarauan, eta herriko eragile, kuadrilla eta talde ugariren ekarpena ezinbestekoa izan da jaiak aurrera eramateko. Kalean ikusi den giroa, beraz, erakunde publikoaren eta herriaren arteko elkarlanaren emaitza ere bada.
Amaitzeko, Gastaka alkateak eskerrak eman dizkie jaiak posible egin dituzten jai batzorde, eragile, kuadrilla, elkarte, langile eta herritar
guztiei, eta bereziki egun hauetan kaleak eta egitaraua biziz bete dituztenei.
Halaber, aurtengo edizioak etorkizunari begira hainbat ikaskuntza utzi dituela azpimarratu du. “Jaiak bizitzeko moduak aldatzen ari dira, eta horrek gure jai-eredua ere etengabe egokitzera eta berritzera behartzen gaitu. Aurtengoak aurrerapauso garrantzitsua eman du bide horretan, eta hemendik aurrera ere herritarrekin batera eraikitzen jarraituko dugu”, adierazi du Gastakak.