Laudioko Udalak datorren ikasturterako euskara ikastaroetan izena emateko epea ireki du. Euskara ikasi edo hizkuntza-gaitasunak hobetu nahi dituzten herritarrei zuzendutako prestakuntza-eskaintza da, ordutegi aukera zabalarekin, bakoitzak bere beharretara egokitu ahal izan dezan.
Irailaren 1etik 29ra egongo da zabalik matrikula egiteko epea. Bederatzi hilabeteko ikastaroak urriaren 5etik ekainaren 30era egingo dira. Lau hilabeteko ikastaro trinkoak, berriz, bi alditan eskainiko dira: urriaren 2tik otsailaren 17ra eta otsailaren 18tik ekainaren 30era.
Ikastaroak Laudioko Udalak eta HABEk diruz lagunduta daude, eta parte-hartzaileek ikastaroa amaitzean beka bat jasotzeko aukera izango dute, ezarritako baldintzak betez gero.
Era berean, Laudion erroldatuta dauden eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) edo antzeko beste laguntzaren bat jasotzen duten pertsonek doan egin ahal izango dute matrikula.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu aukera hau baliatzera, euskara ikasten edo hobetzen jarraitzeko eta, horrela, euskararen ezagutza eta erabilera udalerrian sustatzen laguntzeko.
Informazioa eta matrikula:
Lamuza, 13
946 722 200
651 703 117 (WhatsApp)
Matrikula egiteko epea: irailaren 1etik 29ra.