Landaluze 27ko proiektuak beste urrats bat eman du

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala

Landaluze 27 izango den komunitate-espazioaren obra-proiektua dagoeneko eginda dago, eta proiektuaren hurrengo faseei begira, Laudioko bizilagun talde
batek Getxoko Benta espazioa bisitatu du, auzo-ekipamendu baten kudeaketa eta erabileraren inguruko esperientziak ezagutzeko.

Landaluze 27ren etorkizuna definitzeko prozesua hasieratik auzoko bizilagunen parte-hartzearekin garatu da. Hainbat bilera, proposamen eta elkarrizketen ondoren, proiektuak forma hartu du, eta helburua argia da: auzoko bizitza komunitarioa indartuko duen espazio bizia sortzea.

Ekainaren osoko bilkuran, 400.000 euroko partida onartu zen bertako lokala atontzeko eta beharrezkoa izango den obra egiteko. Gaur gaurkoz, obra-proiektua prest dago, auzokideekin partekatu da, eta hurrengo asteetan, prozedura administratiboarekin aurrera egingo du udalak. Espazioa irekia eta malgua izango da, eta hainbat erabileratarako egokituko da: jarduera kulturalak, tailerrak, ikastaroak, auzo-topaketak, ongizatearekin lotutako jarduerak edo, besterik gabe, auzoko pertsonen arteko harremanak eta elkargunea sustatzeko.

Proiektuaren berezitasunetako bat izan da espazio horren etorkizuneko erabilera eta funtzionamendu eredua uztartu dela. Prozesuaren fase desberdinetan, ekipamenduaren printzipio gidariak eta kudeaketa ereduak landu dira.

Horregatik, Landaluze 27 ez da soilik eraikin bat egokitzea; auzoak berak definitu duen komunitate-proiektu bat da.

Ildo horretan, irailaren 10ean, Landaluze auzeko hainbat bizilagunek Getxoko Benta espazioa bisitatu zuten, han gauzatutako antzeko esperientzia gertutik ezagutzeko, eta Landaluze 27ren etorkizuneko funtzionamendurako baliagarriak izan daitezkeen ikaskuntzak partekatzeko. Bentaranoa Elkarteko kideek eta Getxoko Udaleko eta Laudioko Udaleko ordezkariek hartu zuten parte topaketan.

Bisitan zehar, Benta espazioaren sorrera eta auzoarekin egindako kodiseinu-prozesua ezagutzeaz gain, eguneroko funtzionamenduaz, espazioaren erabileren koordinazioaz, eta antolaketaz hitz egin zuten. Era berean, egunerokoan sortutako erronkei aurre egiteko erabilitako tresnak eta estrategiak partekatu zituzten, baita bidean egindako akatsak eta horiei emandako erantzunak ere.

Topaketak, beraz, esperientziak partekatzeko eta ikasteko aukera eman du, baina baita Laudioko auzoetako bizilagunen artean komunitate-espazio baten etorkizuneko erabilerari eta kudeaketari buruzko hausnarketa egiteko ere.

“Landaluze 27 ez dugu ulertzen Udalak diseinatutako ekipamendu soil gisa. Auzoko bizilagunekin batera eraikitako proiektua da, eta horregatik espazioak auzoaren beharrak eta nahiak islatzea nahi dugu. Benta bezalako esperientziak ezagutzea oso baliagarria da, hemendik aurrera, izango dugun erronka nagusietako bat espazio horri bizitza ematea eta auzokoek benetan beren sentitzea izango baita”, adierazi du Nagore Gomara zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide