Laudioko Udalak Latiorroko osasun-zentro berrirako irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko lanean jarraitzen du. 80 plazako aparkalekua abuztutik dago martxan, eta datorren astelehenean beste bi neurri jarriko dira abian: igogailu publikoa eta autobusaren ibilbide berria. Azken horrek osasun-zentroaren parean izango du geralekua.
Neurri horien bidez, osasun-zentro berria udalerriko mugikortasun-sarearekin hobeto lotzea eta herritarrek bertara iristeko aukera desberdinak izatea bilatzen du Udalak, oinez, garraio publikoan zein ibilgailu pribatuan.
Abuztutik martxan dagoen 80 plazako aparkalekuak osasun-zentroaren inguruan aparkatzeko aukera handitzen du, eta bereziki erabilgarria da zentrora ibilgailu pribatuan joan behar duten pertsonentzat.
Datorren astelehenean, berriz, igogailu publikoa jarriko da martxan. Horrela, Latiorroko inguruko koten arteko desnibela gainditu eta oinezkoen ibilbidea erraztuko da. Neurri horrek garrantzi berezia izango du adinekoentzat, mugikortasun urriko pertsonentzat, haur-kotxeekin dabiltzan familientzat eta aldapak gainditzeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonentzat.
Egun berean, autobusaren ibilbide berria ere martxan egongo da, osasun-zentroaren parean geraleku berri bat izango duena. Modu horretan, garraio publikoak zuzenean gerturatuko du osasun-zentroa herritarrengana, eta ibilgailu propiorik erabiltzen ez duten pertsonentzat beste sarbide-aukera bat eskainiko du.
Ainize Gastaka Laudioko alkateak azaldu duenez, “Udal Gobernuak ez zuen osasun-zentro berria non kokatuko zen erabaki, baina hasieratik argi izan dugu gure esku zegoena egin behar genuela herritarrentzat sarbidea ahalik eta errazena izan dadin”.
“Horregatik, hainbat neurri landu ditugu, eta gaur egun horietako batzuk martxandaude: abuztutik 80 plazako aparkalekua dugu, eta astelehenetik aurrera igogailua eta autobusaren ibilbide berria ere izango ditugu”, gaineratu du alkateak.
Latiorron egindako jarduketen bidez, beraz, osasun-zentro berria udalerriko gainerako guneekin hobeto lotzea eta bertara iristeko aukera desberdinak eskaintzea bilatzen da: oinez, garraio publikoan zein ibilgailu pribatuan.