Laudiok urriaren 1ean irekiko ditu berriro Parkearen ateak, PARKEA Kultura Topagunea izenarekin. Urteetako lanaren eta berreskurapen-prozesuaren emaitza
da espazio berria, eta kulturak herrian duen lekua sendotu, sorkuntza bultzatu eta herritarren arteko topaketarako gune berriak sortzea du helburu.
PARKEA Laudioko ondare botaniko, arkitektoniko eta sozialaren parte da, belaunaldi askoren oroitzapenekin lotutako lekua. Orain, iragan horretatik abiatuta,
etorkizuneko kultur proiektuak eta herritarren ekimenak hartzeko topagune ireki eta dinamikoa izango da.
“PARKEAren berreskuratzea ez da eraikin bat berritzeko prozesua soilik izan; Laudiok kulturaren inguruan eraiki nahi duen ereduaren barruan kokatzen den
proiektua da. Gune irekiagoa, malguagoa eta partekatuagoa nahi dugu, herriko kultur eragileek, sortzaileek eta herritarrek beren lekua izan dezaten. Horregatik, gaur ateak irekitzen baditugu ere, proiektuak aurrera jarraituko du: espazioa erabiltzen den heinean joango gara definitzen eta eraikitzen”, azaldu du Sonia Respaldiza Kultura zinegotziak.
Urriaren 1ean, inaugurazio ekitaldi nagusia 20:30ean egingo da inaugurazio ekitaldi nagusia. Une horretan, PARKEAren lehen pizte sinbolikoa egingo da, argi eta soinu ekitaldi labur baten bidez, eta eraikina urte askotan lehen aldiz jardunean erakutsiko da.
Ondoren, topa herrikoia egingo da, herritarren bultzadari eta erakundeen lankidetzari esker lortutakoa ospatzeko. Bertaratzen direnek herriko zukuak, txakolin apartsua eta mokadu txiki bat izango dituzte eskura. Ekitaldiaren amaieran, eraikineko gune amankomunak ezagutzeko aukera egongo da, baita
udazken osoan ikusgai egongo den bideo-arte proiekzioa ikustekoa ere.
PARKEA FEST: udazken osoa kulturaz beteta
Inaugurazioarekin batera, PARKEA FEST, Laudioko Kultura eta Berrikuntza Udazkeneko Jaialdia, abiatuko da. Udazken osoan zehar luzatuko den egitarau
honek; kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, dantza, ikus-entzunezko proposamenak eta kultur programazioan ohikoak ez diren beste hainbat jarduera bilduko ditu.
Irekiera berezi hau ospatzeko, asteburu osoan zehar programazio berezia egongo da PARKEAn.
Ostiralean, urriaren 2an, 18:00etatik aurrera, DANTZ POINT ekimena egingo da kultura guneko patio-lorategian, musika elektronikoa eta espazio bereziak
uztartzen dituen proposamena.
Larunbatean, urriaren 3an, 12:00etan, Ricardo Páramo diseinatzaile industrialakn“Historias detrás de las sillas” hitzaldia eskainiko du. CAB Burgosetik PARKEA Kultura Topagunera egingo duen ibilbidean, diseinuaren eta objektuen atzean dauden istorioak eta begiradak izango ditu hizpide.
Era berean, larunbatean, Galtzagorrik bere 40. urteurrena ospatuko du, eta PARKEAN haiek antolatutako umeentzako tailer eta buruhandietaz gozatu ahal
izango dute laudioarrek.
Azkenik, igandean, urriaren 4an, 18:00etatik 21:00etara, Julen Burgos eta Garazi Esnaolaren musika-emanaldiak izango dira patio-lorategian.
Kultura, sorkuntza eta topaketa partekatzeko espazioa
PARKEA 2.728,89 metro koadroko kultur gunea izango da, hainbat erabilera eta zerbitzu hartuko dituena: Udal Euskaltegia, dantza tradizional eta garaikiderako aretoak, pintura, zura, zeramika, eskulan eta joskintza tailerrak, Gazte Gunea, sormenezko ludoteka, erakusketa eta artxiborako guneak, bilera eta ikasketa eremuak, eta ikus-entzunezko kulturari eta berrikuntzari lotutako espazioak.
Eraikinak, gainera, Turismo Bulegoa, harrera eremu zabalagoa, entsegu eszenikorako aretoak, ikasteko gela handia eta talde-lanerako eta kontzentraziorako hainbat gela izango ditu. Jatorrizko sarrera nagusia ere berreskuratuko da, barruko patio-lorategiarekin lotura zuzena izango duen sarbidearen bidez.
Espazioaren antolaketak erabilera malgua eta partekatua izango du oinarri.
Guneak ez dira erabiltzaile edo elkarte jakin batzuei modu itxian esleituko; jardueren eta une bakoitzeko beharren arabera egokituko dira. Horrela, gela bera tailerra, entsegu-aretoa, prestakuntza-saioa edo topaketa egiteko erabili ahal izango da.
Patio-lorategiak ere protagonismo berezia izango du, eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea lotzen dituen topagune aktibo gisa. Kultura-jarduerak, harremanak eta komunitatearen bizitza espazio berean uztartzeko aukera emango du.
PARKEAren jarduera pixkanaka jarriko da martxan. Udal Euskaltegia dagoeneko bertan ari da lanean, urriaren 1ean ludoteka martxan egongo da eta urriaren erdialdetik aurrera pintura, zura, zeramika, eskulan eta joskintza tailerrak ere hasiko dira. Gainerako zerbitzu eta proiektuak datozen aste eta hilabeteetan aktibatuko dira, PARKEA Laudioko kultur, sormen eta topaketa sarearen parte bihurtuz.