Laudioko Udalak poz handiz aurkeztu du LAIA LAUDIOren 2026/2027 ikasturterako programazioa. Aurten ere, egitasmoak emakumeen topagune, ahalduntze-espazio eta prestakuntza-gune izaten jarraituko du, hausnarketarako, ikaskuntzarako eta emakumeen arteko sareak sendotzeko aukerak eskainiz.
Gaur egungo testuinguruan, berdintasunaren aldeko lorpen askok erronka berriei aurre egin behar dietenean, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar entzuteko, elkarrekin hausnartzeko eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko espazioak izatea.
Horregatik, LAIA ez da jarduera-programa hutsa: komunitatea eraikitzeko tresna da, emakumeen ahotsak, esperientziak eta jakintzak erdigunean jartzen dituen
topagunea eta feminismoaren ikuspegi anitzak herrian sustatzeko gunea.
Ikasturte honetan zehar askotariko jarduerak antolatu dira emakumeen interes, behar eta bizipen anitzei erantzuteko. Hitzaldiak, tailerrak, ikus-entzunezkoak, antzerkia eta esperientzia partekatuak izango dira, besteak beste. Feminismoa, zaintza, amatasunak, sexualitatea, gorputza, autozaintza kolektiboa, harreman osasuntsuak, memoria historikoa, kultura, sormena eta parte-hartze soziala bezalako gaiak landuko dira. Helburua ez da soilik ezagutza transmititzea, baizik eta elkartzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrekin ikasteko espazioak sortzea.
Erreferente nagusiak programazioan
Aurten, gainera, gonbidatu bereziak izango dira LAIAren programazioan. Pamela Palenciano, La Psicowoman, Ianire Estébanez, Nahia Alkorta eta Samantha Hudson bezalako erreferenteek parte hartuko dute programazioan.
Haien eskutik, indarkeria matxistaren prebentzioa, harreman afektiboak, sexualitatea, amatasunak eta gaur egungo erronka sozialak jorratuko dira.
Horiez gain, Biodanza, Cuerpo y Placer, Brikolea eta Gela Morea bezalako tailer eta esperientzia praktikoak eskainiko dira. Era berean, Iñurri elkartearekin
elkarlanean podcast-proiektu bat garatuko da, emakumeen ahotsak, bizipenak eta komunitatean sortzen diren esperientziak ikusgarri egiteko.
Jarduera doakoak eta herritar guztientzat irekiak
Jarduera gehienak Lezeaga Aretoan egingo dira, eta zenbait ekintza Aretan ere garatuko dira, bertako emakumeen ekimenez. Ekintza guztiak doakoak izango dira, herritar guztien parte-hartzea errazteko.
Egitasmo hau emakumeen ahalduntzerako espazioa bada ere, jarduera guztiak ez dira emakumeentzat soilik izango. Ekintza batzuk emakumeei bereziki zuzenduta
egongo dira, baina beste hainbat herritar guztiei irekita egongo zaizkie. Garrantzitsua da gazteak, gizonak, LGTBIQ+ komunitateko kideak, emakume migratuak eta herriko nahiz inguruko gainerako pertsonak ere berdintasunaren aldeko hausnarketa eta eraldaketa kolektiboan inplikatzea. Berdintasuna, zaintza eta justizia soziala guztion artean eraikitzen baitira.
Izen-ematea eta ludoteka zerbitzua
Programazio osoa Laudioko webgunean dago eskuragarri. Bertan aurki daitezke jarduera guztien xehetasunak, izen-emateei buruzko informazioa eta feminismoari, berdintasunari eta genero-gaiei buruzko liburu espezializatuen mailegu-zerbitzuaren inguruko informazioa ere.
Udalak gogorarazi du hainbat tailer eta jardueratan aurretiazko izen-ematea beharrezkoa izango dela, plaza mugatuak dituztelako. Programazioaren
eskuorrietan eta webgunean aurkituko den QR kodearen bidez egin ahal izango da izen-ematea.
Bestalde, emakume askorentzat zaintza-lanak parte hartzeko oztopo nagusietako bat direla jakinda, hainbat jardueratan ludoteka-zerbitzua eskatzeko aukera
eskainiko da. Zerbitzu hori behar duten pertsonek izen-emateko galdetegian bertan adierazi beharko dute, antolaketa egokia bermatzeko.
Udalak nabarmendu du programazio sendoa prestatu dela, erreferente handiekin, hausnarketarako edukiekin eta esperientzia aberasgarriekin. Hala ere, benetako
indarra ez dago jardueretan bakarrik, bertan parte hartzen duten pertsonengan baizik. Sareak topaketaren, konfiantzaren eta inplikazioaren bidez eraikitzen dira, eta horregatik herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da ikasturte honetan ere.
"Laudio berdinzaleagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko ezinbestekoa da emakumeek elkar topatzeko eta sareak sortzeko espazioak izatea. Horregatik, LAIA LAUDIO ez da jarduera-programazio hutsa; emakumeen ahotsa, esperientziak eta ezagutzak erdigunean jartzen dituen topagunea da. Gainera, berdintasunaren aldeko eraldaketa kolektiboa bultzatzeko tresna ere bada, herritar guztiei hausnarketarako eta parte-hartzerako aukera eskaintzen diena", adierazi du Nagore Gomara, Gobernantza Feministako zinegotziak.