Eta erantzuna zabala izan da: 146 proposamen jaso dira antzoki berriari identitatea emateko. Izen bat bilatzen genuen, baina bidean askotariko ideiak agertu dira: Laudio eta herriaren nortasunarekin lotutako izenak, kulturari eta arte eszenikoei erreferentzia egiten dietenak, tokiko historia eta memoria gogora ekartzen dituztenak, hitz sinbolikoagoak eta baita proposamen berritzaile eta ausartagoak ere.
Hain zuzen ere, hori zen lehen fasearen helburua: ideia-zaparrada ahalik eta irekiena izatea. Udalak ez zuen hasieratik aukera edo irizpide itxiekin mugatu nahi izan prozesua, antzoki berriaren izenaren inguruan herritarrek zer irudikatzen zuten, zer lotura egiten zituzten eta zer-nolako proposamenak sortzen ziren ezagutzeko. Horregatik, lehen fase honetan parte hartzeko ez zen erroldatze-baldintzarik ezarri.
Jasotako 146 proposamenak abiapuntu hartuta, prozesuak hurrengo urratsa egin du. Gaia Kultura Kontseiluan eta Kultura Arloko Batzordean landu da, eta bi espazio horietan egindako lanketatik atera dira azken bozketara iritsi diren hiru aukerak:
• Laudio Antzokia
• Taupada
• Larra Antzokia
Hiru izen. Antzoki bakarra. Eta orain, azken erabakia laudioarren esku dago.
Sonia Respaldiza Kultura zinegotziak prozesuaren izaera irekia nabarmendu du: “Lehenengo fasean ez genuen herritarren irudimena mugatu nahi. Kontrakoa bilatzen genuen: ahalik eta ideia gehien eta askotarikoenak jasotzea, antzoki berriak laudioarrentzat zer esan nahi duen ere ezagutzeko. 146 proposamenek begirada eta ideia oso ezberdinak jarri dituzte mahai gainean. Horiek guztiak Kultura Kontseiluan eta Kultura Arloko Batzordean landu ditugu, eta lanketa
horretatik sortu dira orain herritarrek aukeratu ahal izango dituzten hiru izenak”.
Orain bai, Laudiok aukeratuko du.
Prozesuaren azken faseak beste helburu bat du: antzokiaren behin betiko izena aukeratzea. Horregatik, oraingo bozketan parte hartu ahal izateko Laudion erroldatuta egotea beharrezkoa izango da.
Bozketa irailaren 29tik urriaren 5era bitartean egongo da zabalik, bi egunak barne. Bozka bi modutan eman ahal izango da: online, Zuin webgunearen bidez, edo aurrez aurre, Laudioko Udaletxeko sarreran.
Pertsona bakoitzak bozka bakarra eman ahal izango du, online zein aurrez aurre. Bozkatzeko, NANaren, bizileku-txartelaren edo pasaportearen zenbakia eta agirian agertzen den jaiotze-data adierazi beharko dira.
Lehenengo, ideiak eman genizkion.
Orain, izena aukeratuko diogu.
Izen bat, milaka ideia.
Hiru aukera, bozka bakarra.
Bozkatzeko helbidea: https://zuin.net/bozketak/