Laudiok Klima eta Energia Plana eta Babesleku Klimatikoen Udal Sarea garatuko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala

Laudioko Udalak klima-aldaketaren aurrean udalerriaren erresilientzia indartzeko eta energia-trantsizioan aurrera egiteko bi lan-ildo osagarri garatuko ditu: Klima eta Energia Plana eta Babesleku Klimatikoen Udal Sarea.

Klima eta Energia Planaren helburua Laudioko egungo egoeraren diagnostiko integrala egitea izango da, besteak beste, energia-kontsumoak, berotegiefektuko gasen emisioak, klima-arriskuak eta udalerriaren zaurgarritasuna aztertuz. Horrez gain, aurretik garatutako udal-plangintza ere kontuan hartuko da, hala nola 2024-2030 Udal Energia Plana eta Mugikortasun Plana.

Diagnostiko horretatik abiatuta, epe labur, ertain eta luzerako ekintzak zehaztuko dira, klima-aldaketa arintzeko, haren ondorioetara egokitzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko. Ekintza Planak jarraipen eta ebaluazio mekanismoak ere jasoko ditu, aurrerapena urtez urte aztertu ahal izateko. Prozesuak herritarren eta tokiko eragileen parte-hartzea izango du ardatz.

Udaleko ordezkari politiko eta teknikoekin batera, auzoetako ordezkariek, Toki Kontseiluak, herritarrek eta tokiko gizarte, ekonomia eta hezkuntza eragileek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Bestalde, Babesleku Klimatikoen Udal Sarearen bidez, bero-boladak eta muturreko tenperaturak bezalako egoeren aurrean herritarrak babesteko espazio 
egokiak identifikatuko dira. Horretarako, barneko eta kanpoko espazio publiko zein pribatuak aztertuko dira, hala nola parkeak, plazak, kirol- eta kultura-guneak edo beste erabilera komunitarioko espazio batzuk.

Sareak babeslekuen arteko ibilbide klimatikoak ere identifikatuko ditu, eta babesguneen mapa georreferentziatua eta herritarrentzako informazio eta erabilera-protokoloak prestatuko dira. Era berean, bero-boladen aurrean jarduteko udal-protokolo bat landuko da, herritarrei aholku praktikoak eta babeslekuen kokapena helarazteko.

Bi ekimenek elkar osatuko dute: Klima eta Energia Planak Laudioko klimaeta energia-politiken epe luzerako estrategia zehaztuko du, eta Babesleku Klimatikoen Udal Sareak muturreko tenperaturen aurrean udalerriaren egokitzeko gaitasuna eta herritarren babesa indartuko ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide