“Jantokia bazkaltzeko leku bat baino gehiago izatea nahi dugu. Egunerokoan beste pertsona batzuekin elkartzeko, harremanak egiteko eta denbora partekatzeko espazioa izango da. Elikadura osasungarria zaintzearekin batera, bakardade- egoerei aurre egiten eta gure adinekoen autonomia eta ongizatea sustatzen lagundu nahi dugu”, azaldu du Ludi Temiño zinegotziak.
Nork eska dezake?
- 60 urte edo gehiago dituzten pertsonek.
- Laudion erroldatuta daudenek.
- Modu autonomoan bazkaldu dezaketenek edo otorduan lagunduko dien zaintzaile bat dutenek.
Eskaerak, urriaren 5etik 15era
Plaza eskatzeko epea 2026ko urriaren 5etik 15era egongo da zabalik. Eskaerak dagokion inprimakiaren bidez aurkeztu beharko dira Laudioko Udaleko Erregistro Orokorrean (HAZ).
Eskaerarekin batera, oro har, nortasuna, errolda, diru-sarrerak eta, hala badagokio, familia- edo bizikidetza-egoera egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da. Udalari beste administrazio batzuetako datuak kontsultatzeko baimena emanez gero, dokumentazioaren zati bat ez da aurkeztu beharko.
Nola esleituko dira plazak?
Plaza kopurua mugatua denez, eskaerak Gizarte Kohesio arloak baloratuko ditu.
Bakarrik bizi diren pertsonek lehentasuna izango dute, eta ondoren bizikidetza-unitatearen egoera ekonomikoa hartuko da kontuan.
Gizarte Zerbitzuek bestelako egoerak ere baloratu ahal izango dituzte, besteak beste, desnutrizio-arriskua, familia- edo gizarte-sarerik eza, adina edo mendekotasun-egoerak. Plaza nahikorik ez badago, itxaron-zerrenda osatuko da.
Menuaren prezioa bizikidetza-unitatearen diru-sarreren arabera ezarriko da:
- RMG baino diru-sarrera txikiagoak: 3 €
- RMGtik 1,5 RMGra arte: 4 €
- 1,5 RMGtik 2 RMGra arte: 6 €
- 2 RMGtik gorakoak: 7 €
Prezio horiei indarrean dagoen BEZa gehituko zaie.
Erabiltzaileek kontsumitutako menuak bakarrik ordainduko dituzte. Egunen batean joaterik ez badute, absentzia jakinarazi eta justifikatu beharko dute, otordua kobratu ez dadin. Likidazioa hilero egingo da.
Udalak eskaerak aztertu ondoren plaza eskuratu den ala ez jakinaraziko du, baita zerbitzuaren baldintzak eta dagokion prezioa ere.