Laudio GANDIK proiektura batu da, gazteen eta tokiko merkataritzaren arteko elkarlanaren bidez euskarazko digitalizazioa sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala

2026-2027 ikasturtean, GANDIK proiektuan parte hartuko duten udalerri berrietako bat izango da Laudio, proiektu honekin gazteen gaitasun digitalak eta tokiko merkataritzaren presentzia digitala euskaraz sustatzeko.

GANDIK proiektuak urrats sendo bat eman du bere garapenean. Aurreko ikasturtean Portugaleten eta Beasainen abiatutako fase pilotuaren ostean, ekimena sendotu egin da eta Euskal Autonomia Erkidegoko lau udalerri berritara iritsiko da 2026-2027 ikasturtean: Laudio, Mungia, Bergara eta Pasaia.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta PUNTUEUS Fundazioaren ekimen honek bi helburu nagusi uztartzen ditu: tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea eta, aldi berean, gazteen gaitasun digitalak garatzea.

Laudion, proiektuan Laudioalde, Laudio BHI eta Laudio Ikastola ikastetxeek parte hartuko dute. Ikasleek, ikastetxeen eta proiektuaren antolakuntzaren laguntzarekin, herriko 18 establezimenduentzako webguneak garatuko dituzte.

Iñigo Martínez zinegotziak proiektuaren izaera praktikoa eta herriarekin duen lotura nabarmendu ditu: “GANDIKek aukera ematen digu gazteek ikasgelan eskuratzen dituzten gaitasun digitalak benetako behar bati erantzuteko erabiltzeko. Haien lana herriko saltokietara iritsiko da, eta ikasitakoak Laudion bertan izango du eragina. Horrek balio berezia ematen dio proiektuari”.

Proiektuan parte hartuko duten establezimenduak hauek dira:

• Tapicería Juan
• Lur Natur Denda
• Leybe’s
• Electrodomésticos Izaskun SL
• Ferretería Goar
• Perfumería Elei
• Ninat
• Kukuma
• Trece13
• Calzados Roiz
• Irrintzi
• Tximeleta
• Muñikan
• Decoraciones Llodio
• 1971
• Oleta Baserria
• RIZZOS ileapaindegia
• Jana ileapaindegia

Ekimenaren bidez, gazteek ezagutza eta gaitasun digitalak benetako proiektu batean praktikan jartzeko aukera izango dute, eta, aldi berean, tokiko merkatariek beren negozioen presentzia digitala euskaraz indartzeko baliabide bat eskuratuko dute.

Gazteen eta tokiko merkataritzaren arteko elkarlana

GANDIK proiektuaren oinarrietako bat belaunaldien arteko lankidetza da. Ikasleek beren gaitasun digitalak tokiko establezimenduen beharretara aplikatuko dituzte, eta merkatariek, berriz, herriko gazteen ezagutza eta ikuspegi berriak ezagutzeko aukera izango dute.

Martínezek elkarlan horren garrantzia ere azpimarratu du: “Gazteak eta tokiko merkataritza elkarren ondoan jartzen dituen proiektua da. Gazteek badute zer eskaini gure herriko merkatariei, eta merkataritzak ere badu zer erakutsi gazteei. Elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko eta herrian sare berriak sortzeko aukera polita da”.

Horrez gain, proiektuaren bidez euskarak ingurune digitalean duen presentzia indartu nahi da, Laudion sortuko diren webguneak euskaraz egingo baitira.

Horrela, ekimenak hiru arlo lotuko ditu: gazteen prestakuntza eta gaitasun digitalak, tokiko merkataritzaren digitalizazioa eta euskararen presentzia digitala.

Laudion proiektuan parte hartuko duten 18 establezimenduek eta hiru ikastetxeek elkarlanean garatuko dute ekimena, tokiko errealitatea eta gazteen gaitasun digitalak lotzen dituen esperientzia baten bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide