Laudioko ikastetxeek, Udala bidelagun duela, “Bizikidetzarekin konprometituak –Laudioko familientzako dekalogoa” prestatu dute. Ikastetxeetatik sortutako ekimen honen helburua familiei tresna erraz eta praktiko bat eskaintzea da, etxean ere bizikidetza, errespetua eta harreman osasuntsuak lantzen laguntzeko.
Dekalogoaren abiapuntua argia da: haurren eta nerabeen heziketa ez da ikastetxe barruan soilik gertatzen. Etxean, kalean, sare sozialetan edota aisialdian ikusten eta bizitzen dutenak ere hezten ditu. Horregatik, ikastetxeek familien eta herri osoaren inplikazioa ezinbestekotzat jotzen dute ingurune seguruagoak, errespetuzkoagoak eta osasuntsuagoak eraikitzeko. Horretarako, eguneroko bizitzan aplikatzeko hamar proposamen jasotzen ditu:
• Izan gaitezen haien ispilu, umeek ikusten dutenetik gehiago ikasten baitute esaten diegunetik baino.
• Zaindu dezagun hizkuntza, irainak eta beste pertsona batzuk mindu ditzaketen hitzak saihestuz.
• Ospa dezagun aniztasuna, desberdintasunarekiko jakin-mina eta errespetua sustatuz, jatorria, kultura, generoa edo gaitasunak edozein direla ere.
• Sustatu dezagun elkarrizketa gatazkak konpontzeko, indarkeriaren ordez hitz egitea, elkarri entzutea eta konponbideak bilatzea bultzatuz.
• Suspertu dezagun enpatia, seme-alabei beste pertsonen lekuan jartzen lagunduz.
• Jar ditzagun muga argiak indarkeriaren aurrean, portaera oldarkor edo diskriminatzaileak onargarriak ez direla ulertaraziz.
• Kontrastatu dezagun epaitu aurretik, egiaztatu gabeko informazioa zabaltzea saihestuz eta iturriak aztertuz.
• Eman diezaiogun laguntza eta kontrola ingurune digitalean, mugikorren eta sare sozialen erabilera segurua eta arduratsua sustatzeko.
• Zaindu ditzagun espazio komunak, parkeak, kaleak eta leku publikoak garbi eta egoera onean mantentzea guztion ardura dela gogoratuz.
• Egin dezagun komunitatea, guztion konpromisoak eta eguneroko ekintza txikiek Laudio leku hobea egiten dutela nabarmenduz.
Nagore Gomara zinegotziak nabarmendu duenez, “bizikidetza ez da eskolako atean hasi eta amaitzen. Herri osoan eraikitzen dugu, egunero, erabiltzen ditugun hitzekin, gatazkak konpontzeko dugun moduarekin eta gure inguruko pertsonekin dugun jarrerarekin. Ikastetxeek egindako lan honen bidelagun izan nahi dugu Udaletik, familiei eta hezkuntza-komunitateari mezu bera helarazteko: haur eta nerabeak heztea guztion artean egiten dugun lana da”.
Azkenik, Laudioko Udalak eskerrak eman nahi dizkie familiei beren konpromisoagatik eta laguntzagatik, udalerriko ikastetxeak eta herria pertsona guztiak errespetatuak sentitzeko leku izan daitezen.