Laudioko Udalak Auzo Taxi zerbitzua martxan jarriko du, herrigunetik urrunen dauden auzoetako joan-etorriak errazteko

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala

Zerbitzuak urtebetez 16 bidaia egiteko aukera emango du, bidaia bakoitzeko euro baten truke. Bonuak eskatzeko epea urriaren 15etik azaroaren 6ra egongo da zabalik.

Laudioko Udalak Auzo Taxi zerbitzua martxan jarriko du udazken honetan, herrigunetik urrunen dauden auzoetan bizi diren herritarren mugikortasuna errazteko. Zerbitzuaren bidez, udal zerbitzuetara, osasun-zentrora, merkataritza-establezimenduetara eta udalerriko gizarte-, kultura- eta aisialdi-jardueretara joateko aukera eman nahi da.

Onuradunek 16 bidaiako bono pertsonal eta besterenezina jasoko dute, urtebeterako balioarekin. Bidaia bakoitzeko euro bat ordaindu beharko dute erabiltzaileek, eta gainerako kostua Udalak hartuko du bere gain.

Bonuak eskatzeko epea urriaren 15etik azaroaren 6ra egongo da zabalik, auzoetan egingo diren paseoak aprobetxatuz. Eskabideak Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurkeztu beharko dira.

Onuradunak eta lehentasun-irizpideak

Deialdian jasotako kale, auzo eta bideetan erroldatuta dauden herritarrek eskatu ahal izango dute bonua. Eskabideen kopurua eskuragarri dauden bonuena baino
handiagoa bada, lehentasun-hurrenkera hau ezarriko da:

• %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta duten pertsonak.
• 65 urte edo gehiago dituzten pertsonak.
• 15 eta 17 urte bitarteko gazteak.

Bonuarekin, deialdian jasotako eremuen eta herrigunearen artean bidaiatu ahal izango da, joan-etorriaren arrazoia justifikatu beharrik gabe.

Deialdian jasotako eremuak

Honako kale, auzo eta bide hauetan erroldatuta dauden herritarrek eskatu ahal izango dute zerbitzua:

Kaleak: Arraño, Zumeltza, Dubiriz, Gardeagotxi, Santa Kurutz, Gardea, Isusi, Altui, Izardui, Odiaga, Beldui, Larrazabal, Santa Ana, Markuartu, Erkitza, Launtxugoikoa, Saldarriaga, Zabala, Larrea, Kadaltso, Etxeoru, Kaltzaganeta, Torrejón, Txirrieta, Anuntzibai eta Telleria.

• Arantzar: 21. zenbakia.
• Arraño: 44tik 62ra bitarteko zenbakiak.
• Atxarte: 12tik 27ra bitarteko zenbakiak.
• Atxeta: 31tik 57ra bitarteko zenbakiak.
• Goienuri: 34tik 46ra bitarteko zenbakiak.
• Iturralde: 8tik 18ra bitarteko zenbakiak.
• Landaluze: 31 eta 37 zenbaki bakoitiak, eta 50etik 62ra bitarteko zenbakiak.
• Lezeagabide: 17 eta 19 zenbakiak.
• Motxotekale: 15etik 23ra bitarteko zenbakiak.
• Bideak: Isasi, Goienuri, Katuxa-Ibarra, Olako, Olarte eta Oleta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide