Laudiok Xalbadorren heriotzaren 50. urteurrena ospatuko du azaroaren 6an eta 7an

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala

Laudiok Fernando Aire «Xalbador» bertsolariaren oroimena biziberritzeko egitaraua antolatu du, musika, bertsolaritza eta kulturaren bidez. Besteak beste, Unai Ormaetxearen saio didaktikoa, Laudioko abesbatzen emanaldia eta Xabier Amurizaren hitzaldi-ikuskizuna izango dira.

Fernando Aire «Xalbador» (Urepele, 1920-1976) bertsolariaren heriotzaren 50. urteurrena beteko da azaroaren 7an. Urepeleko artzain eta bertsolariaren oroimena gogora ekartzeko, Laudiok hainbat kultur jarduera antolatu ditu azaroaren 6rako eta 7rako, musika eta bertsolaritza ardatz hartuta.

Egitarauak Xalbadorren ondarea ezagutzeko aukera emango du, euskal kantagintzaren bidez haren oroimena biziberritzeko eta bertsolaritzaren bilakaeran sakontzeko.

Azaroak 6, ostirala

18:30ean, Kasinoan: «Xalbadorrenetik kantamintza» Unai Ormaetxeak gidatutako saio didaktiko eta parte-hartzaile honen bidez, euskal musikaren eta bertsolaritzaren historian barrena ibilbidea egingo dute bertaratzen direnek.

Azaroak 7, larunbata

12:30ean, Aldai plazan: Laudioko abesbatzen emanaldia Laudioko bost abesbatzek goizeko emanaldian parte hartuko dute. Talde bakoitzak bere aukerako abesti bat eskainiko du, eta, ondoren, guztiek batera «Xalbadorren heriotzean» abestuko dute. Horrela, abesti ezagunaren bost bertsio entzuteko aukera izango dute herritarrek, baita abesbatza bakoitzak hautatutako kantuak ere.

Hurrengo abesbatzek girotuko dute herria abesti-aukeraketa honekin:

• Andere: «Azken dantza hau»
• Arte On: «Goizian argi hastian»
• Bi Hotsak: «Axuri beltza»
• Los Arlotes: «Ikusi mendizaleak»
• Santa Lucía: «Txanton Piperri»

«Xalbadorren heriotzean» euskal kantagintzako abesti esanguratsuenetako bat da. Xabier Lete musikari eta konpositoreak sortu zuen 1978an, Xalbador hil eta bi urtera, haren adiskidearen heriotzak eragindako saminetik abiatuta. Urteekin, euskal kulturaren erreferentziazko kantu bihurtu da; 2005ean, gainera, Euskal Kanturik Onena telebista-lehiaketan garaile aukeratu zuten.

18:30ean, Kasinoan: «Bat-bateko mirakulua», Xabier Amurizarekin Xabier Amuriza bertsolariak «Bat-bateko mirakulua» izeneko hitzaldi-ikuskizuna eta bertso-saioa eskainiko ditu, Xalbadorren inguruan.

Amuriza XX. mendearen amaierako bertsolaritza modernoaren berritzaile nagusietako bat izan zen. Bertsolaritzaren oinarriak berritu zituen, tradiziozko plaza-jarduna kultura-adierazpide modernoago eta zabalago bihurtuz. Horrez gain, bertsolaritza ikasi eta landu daitekeen jarduera gisa ulertzeko ikuspegia indartu zuen, Euskal Herrian bertso-eskolen hedapenean eragin handia izanik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide